Politika

Nafarroako Parlamentuak parte hartze demokratikorako legea onartu du

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta Ezkerrak babestu dute. UPN eta PP abstenitu egin dira. Besteak beste, herri galdeketak arautzen ditu legeak.

Iñigo Uriz/Foku

Berria -

2019ko martxoak 14

Nafarroako Parlamentuak herritarren parte hartze demokratikorako hiru bide berri ireki ditu: eztabaida prozesuak, aurrekontu parte-hartzaileak eta herri galdeketak. Laukoa osatzen duten indarren eta PSNren babesarekin, parte hartze demokratikorako legea onartu du gaur, parlamentuak.

Legeak jasotzen duenez, foru erakundeek nahiz tokikoek herri galdeketara deitu ahalko dute interes publikoko gaien buruz. Bozketak ez dira lotesleak izango. Lege berriak aurreikusten du herritarrek bozkalekuetan bertan edo bide telematikoz bozkatzeko aukera izatea, eta zehazten du 16 urtetik gorako herritarrek izango dutela parte hartzeko gaitasuna. Bozkatu ahal izateko, herritarrek gutxienez urte betez egon beharko dute erroldatuta Nafarroan edo galdeketa antolatzen duen udalerrian.

Bestalde, legeak eztabaida prozesuak arautzen ditu, garrantzi bereziko politika publikoak erabakitzeko prozeduretan. Eztabaida horiek argudio eta motibazioen alderaketa publikoa izango direla jasotzen du.

Aurrekontu parte hartzaileei dagokienez, legeak zehazten du kontu publikoen sarrerei, lehentasunei eta zenbait diru sailen helburuei lotutako erabakiak hartzeko prozedurak izango direla. Nafarroako Gobernuaren kasuan, herritarren iritzia bilduko du gobernuak.

Horrez gain, lege berriak aukera ematen die herritarrei udalbatza bateko edozein kideren gaitzespena eskatzeko. Azken puntu horrekin kritiko agertu da UPN. Carlos Garcia Adanero parlamentariaren esanetan, "astakeria" bat da legeak aukera hori jasotzea. Ziurtatu du neurri horren ondorioz zinegotzi askok ezin izango dutela "askatasunean" egin beren lana.

Laukoa osatzen duten indarrek adierazi dute legea aurrerapausoa dela Nafarroan kultura demokratiko parte hartzailean sakontzeko eta eredu demokratiko irekiago batera hurbiltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna