Euskal Energia Ituna

Aditu talde batek idatziko du Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko trantsizio energetikorako bide orria

Urtebeteko epean idatzi beharko du aditu taldeak 2050. urterako karbono isurietan neutroa izango den euskal ekonomia bat lortzeko plan integrala

jarraia163980.jpg
2019ko martxoaren 14a
13:24
Entzun

Euskal Energia Itun bat lortzeko pausoak onartu ditu gaur Eusko Legebiltzarrak. Ia aho batez onartu dute legez besteko proposamena, 64 baiezko eta bederatzi abstentziorekin. EAJ eta PSE ados agertu dira EH Bilduk aurkeztutako proposamenarekin, baita Elkarrekin Podemos ere. Aditu talde batek osatuko du ituna, eta urtebeteko epea izango du 2050. urterako karbono isurietan neutroa izango den euskal ekonomia bat lortzeko plan integrala aurkezteko.

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio hiru hilabeteko epean sortzeko adituen lantaldea. Bi kide izendatuko dituzte Legebiltzarreko talde bakoitzak eta Jaurlaritzak, parekidetasun irizpideetan oinarrituta. Energiaren Euskal Erakundeak taldeko idazkaria aukeratuko du.

Adituen taldeak diseinatuko du 2050. urterako karbono isurietan neutroa izango den euskal ekonomia bat lortzeko plan integrala, Euskal Energia Ituna izeneko dokumentuan zehaztuko dena. Urtebeteko epea emango zaie horretarako. Hala ere, lanean hasi eta sei hilabetera emango du bere lanen berri Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituren Batzordean.

Dokumentua bukatutakoan, Energia Trantsizioaren I. Euskal Kongresua antolatuko da, ituna eta haren atalak aurkezteko. Alderdi politikoek Euskal Energia Itunarekiko atxikimendua adieraziko duen konpromiso politikoa sinatuko dute han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.