Jon Darponen dimisioa

Nekane Murgak ordezkatuko du Jon Darpon, hark dimisioa eman ondoren

Osakidetzako oposizioen iruzurrak itota, kargua utzi du Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Datorren astean Darpon gaitzestekoa zuen Eusko Legebiltzarrak, eta aurretik joatea erabaki du. Nekane Murga Eizagaetxebarriak ordezkatuko du Darpon Osasun Sailean. Oposizioen iruzurragatik kargua utzi duen hirugarren arduraduna da, orain arteko nagusia. Epaitegiak iruzurra ikertzen ari dira.

Darpon sailburua, Urkullu lehendakariarekin, osasun etxe bat inauguratzen, otsailean Barakaldon (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko martxoaren 14a
07:11
Entzun

Azken-aurreko minutuan utzi du kargua Jon Darponek. Ia urtea joan da Osakidetzako mediku espezialisten azterketetan iruzurra salatu zutela. Orain arteko enbatari eutsi dio Osasun sailburuak, nahiz eta joan den azaroan dimisioa eman zuen Osakidetzako zuzendariak, Maria Jesus Mujikak. Orain, baina, haren jarduna gaitzesteko mozioa onartzeko atarian, alde egingo du sailburuak.

Nekane Murga Eizagaetxebarria izango da Osasun sailburu berria. Egun, Jaurlaritzako Osasun saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria da. Medikuntza eta Kirurgia ikasketak ditu, eta Kardiologian doktorea da. Horrez gain, EHUko irakasle elkartua da 2013tik aurrera, eta, besteak beste, Basurtuko ospitalean Kardiologia klinikoko atalburua izan zen. Emakumeak kardiologian izeneko Espainiako lantaldeko arduradun izana ere bada.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskerrak eman dizkio Darponi, "egindako lan bikainarengatik". Aldiz, oposizioak eta sindikatuek dimisioa "berandu" aurkeztu duela salatu dute.

Darponek berak esker ona agertu dio Urkulluri, emandako "konfiantzarengatik"; sailburuei eta EAJren eta PSE-EEren legebiltzarreko taldeei, "babesarengatik eta elkarlanarengatik". Osakidetzeko langileei beraien "lana eta konpromisoa" eskertu dizkie. Azkenik, Nekane Murga zoriondu du, berak hartuko baitu Osasun sailaren gidaritza. Hari buruz, "profesional bikaina" dela esan du.

Eusko Legebiltzarrean datorren osteguneko osoko bilkuran zuten bozkatzekoa Darpon gaitzesteko eskaria. Elkarrekin Podemosek aurkeztu du, eta EH Bilduren eta PPren baiezkoa du. Areago, EH Bilduk beste eskari bat ere erantsi nahi dio mozio horri: Darponen zentsura mozioa aipatu du.

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, azken egunetan bilera ugari egin dituzte Darponek eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Gogoan izatekoa da EAEko fiskal nagusiaren txostenak airean jarri zuela sailburua. Asteotan Jaurlaritzak eutsi egin dio Darponi, esanez dimisioak ez zeukala "zentzurik". Ordea, epaitegietan auzibidea ireki izanak eta datorren asteko gaitzespenak dimisioa ekarri dute. Hala aitortu du Osasun Sailak berak hedabideetara bidalitako ohar batean: "Gaitzespeneko legez besteko proposamena aurkeztuko dela egiaztatu izanak dimisioa aurkezteko erabakia ekarri dute".

Hona hemen Darponen dimisioa ekarri duen bidea, hamar kapitulutan:

1. Lehen salaketak. 2018ko ekainaren 1ean iritsi ziren lehen salaketak hedabideetara, sindikatuen ahotik. Ohar baten bidez erantzun zuen Osasun Sailak, irmo: kexu "oportunistak" zirela. Hala ere, jakinarazi zuen espediente bat zabaldu zuela Angiologia eta Hodietako Kirurgia espezialitatean.

2. Notario aktak. Handik hiru egunera, ordea, kolpe handia jaso zuten Osakidetzaren argudio horiek: ESK sindikatuak eta Elkarrekin Podemosek notario akta batzuk erakutsi zituzten jendaurrean, non azterketak egin aurretik asmatu zuten nork gaindituko zuen proba eta nork lortuko zituen eskainitako lanpostuak. Agiri horiek zantzu sendoa eman zioten salaketari.

3. Emaitzak. Espezialitateetako azterketen emaitzak atera zituzten jendaurrera, eta oso susmagarriak ziren batzuk: mediku batzuek oso nota ona zuten, eta beste batzuek, oso txarra. Areago, maiz, oso nota ona zutenen kopurua bat zetorren eskainitako postuen kopuruarekin.

4. Gutuna. Beste salaketa bat iritsi zen, eta epaimahaietako batetik zetorren. Donostiako ospitaleko sendagile batek gutun bat bidali zion Osakidetzari. "Azterketa 31k egin zuten, bostek gainditu, eta haietako lauk Basurtuko ospitalean lan egiten dute. Pelotoiko gainerakoen aldean, dozenaka puntu gehiago dituzte. Zaila da emaitza hori zoriaren kapritxoekin justifikatzea".

5. “Froga” eske. Darpon sailburuak tinko eutsi zion, esanez "asmakeriak" zeudela salaketa batzuen oinarrian, ez zegoela "frogarik". Osakidetzak berak ikerketa egin zuen espezialitate batzuei buruz, eta horietako hirutan probak berriro egitea erabaki zuen, irregulartasunak sumatuta. Gainerakoekin aurrera egitera erabaki zuen, nahiz eta susmoak espezialitate gehiagotan ere egon.

6. Aurrera begira. Behin barne espedientea amaituta, aurrera begira jarri nahi izan zuen Osasun Sailak, eta hurrengo lan deialdietan aldaketak egitea proposatu zuen; besteak beste, aditu baten txostena aurkeztu zuen, eta proposatu zozketa bidez hautatzea epaimahaietako kideak.

7. Mujikaren dimisioa. Fiskalak ikerketa hasi zuen iruzur zantzuen aurrean, eta arlo politikoan ere urratsa egitea proposatu zuten Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk: ikerketa batzorde bat sortzea. PPren baiezkoa behar zuten horretarako. Alderdi hark baldintza jarri zuen: Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariaren dimisioa. Kargua utzi zuen azaroan, eta parlamentuak ez zuen sortu ikerketa batzorderik. Haren ondoren, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria ere joan zen.

8. Fiskalaren txostena. Hilabeteetako ikerketaren ondoren, txosten gogor bat bidali zuen epaitegira Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak otsailaren erdialdean. Delitu zantzuak topatu zituen 11 espezialitatetan, nahiz eta akusazioak horietako hiruri buruz soilik egin —gainerakoetan ezin izan zuen zehazki inor akusatu—. Mediku zehatzen jardunbideaz harago, Osakidetzaren jokabidea kritikatu zuen fiskalak, ez zuelako "kontrolik" izan epaimahaiekin, eta kideak hautatzean ez zuelako irizpide "objektiborik" erabili.

9. Epailea. Fiskal nagusiaren kereila tramiterako onartu zuen Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak joan den astean. Fiskalak akusatutako hiru medikuak ikerketapean jarri zituen: Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko hiru epaimahaikide. Bi delitu aipatu zituen epaileak: agirien zaintzan desleialtasuna egitea, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea. Fiskalak Osakidetzako hiru arduradun ere aipatu zituen: Soto Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Epailearen esku utzi zuen ikerketapean jarri edo ez; oraingoz, lekuko gisa deitu ditu. Maiatz amaieran deklaratuko dute, bozen ondoren.

10. Dimisioa. "Erantzukizun politikoa" baduela aitortu arren, orain arte karguari eutsi dio Darponek. Gobernuak ere babestu egin du jendaurrean, esanez ez duela "zentzurik" haren dimisioak. Kargua Urkulluren esku zeukala, hala esan du Darponek orain arte: "Hau da nire eguneroko lana Osasun Sailean, eta, lehendakariak uzten didan bitartean, horrexetan jarraituko dut". Amaitzea erabaki dute.

Oposizioetako iruzurraren auzia orain lehertu da, baina BERRIAk hilabeteotan jasotako lekukotasunek agerian jarri dute ez dela egun batetik bestera sortutakoa, urteak direla oposizioetan iruzur egiten dutela. Testigantza horien arabera, zerbitzu bakoitzeko arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman, eta filtratu egiten diete azterketen edukia. Horren susmoak du fiskalak ere.

Frogak lortzea izan da zailtasuna, urteetan isilpean egondako sistema delako. Horretan ezinbestekoa izan da notario aurrean dokumentua egin zuten hiru anestesisten urratsa. Salatu dute "zigorra" jasaten ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.