Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Forn Barne kontseilariaren jardunean "arduragabekeria puntu bat" egon zela adierazi du Traperok

2017ko irailaren 20ko gertakariei dagokienean Mossos d'Esquadraren maior kargugabetuak epaimahaiari azaldu dionez, Ekonomia Kontseilaritzatik irteera "seguru bat" eskaini zioten idazkari judizialari.

Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buru ohia, Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzen.
Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buru ohia, Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzen. EFE

Berria -

2019ko martxoak 14

Lekuko gisa Auzitegi Gorenean deklaratzen ari da, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan. Espainiako Gobernuak Katalunian 155. artikulua ezarri arte (2017ko urria bukaeran), Kataluniako Poliziako Autonomikoaren burua izan zen. Hura ere auzipetuta dago, Auzitegi Nazionalean epaitua izan zain, 2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko gertakariengatik. Fiskaltzak sedizioa eta antolakuntza kriminala egozten dizkio, eta 11 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat. Auzipetuta dagoenez, ez deklaratzeko aukera zuen Josep Lluis Traperok, baina alde guztien galderei erantzuten ari da.

Barne kontseilaritzak U-1eko erreferendumaren aurretik izan zuen kudeaketan, Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetuak apur bat "arduragabe" jokatu zuela azpimarratu du. "Forn jaunak bazekien bere ekintza politikoa alde batetik zihoala, eta mossoen egitekoa beti izan zen legea betetzea". Forn Gorenean epaitua izaten ari da matxinada egotzita, eta behin-behineko atxiloaldian dago 2017ko azarotik. Traperoren esanetan, U-1erako Generalitateak deitutako galdeketaren agertokiak "deseroso" sentiarazten zuen; baita, haren ustez, Jordi Jane 2017ko uztaila arte Barne kontseilaria izandakoa.

Traperok irailaren 20ko gertakariak deskribatu ditu Fiskaltzaren, Estatuko Abokatutzaren eta Vox alderdiaren —herri akusazio gisa ari da— galderei eman dien erantzunetan. Poliziaburu ohiak mossoen koordinazio zentrotik jarraitu zuen Kataluniako Gobernuaren Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzan gertatzen ari zena.

Traperoren esanetan, helikoptero irudien bidez ikusi zuten mossoek egoitzaren inguruan eratu zuten segurtasun lerroa hautsi zuela manifestari talde batek 22:00etatik 22:30era. Talde hori mossoen brigada mugikorraren parean jarri zela adierazi du. Une horretan, "botila jaurtiketaren bat eta bultzakadaren bat" izan zen, poliziaburu ohiaren hitzetan. "Eta, noski, autoena". Guardia Zibilaren autoek jasan zituzten kalteak ere ikusi zituela gaineratu du. Bestalde, Coliseum antzokiaren inguruan, bi mossori ur botila bat jaurti zietela ere azaldu du, manifestari batek guardia zibilekin nahastu zituela eta.

Ekonomia Kontseilaritzaren egoitza miatzen ari zen operatibo judiziala babesteko neurriei buruz galdetuta, Traperok ziurtatu du mossoek irteera "segurua" ahalbidetu ziela operatiboko kideei, 20 poliziaz osatutako "kapsula" baten bidez. Traperok ukatu egin du mossoen lerroa ez zela nahiko segurua eta horregatik aztertu zela idazkari judiziala zabaltzatik irteteko aukera. Traperoren esanetan, mossoen korridorea desegin zelako irten zen idazkaria zabaltzatik. Azaldu duenez, operatibo judiziala gehiago luzatuko zela uste zuelako desegin zen korridore hori.

Traperok uneoro ukatu du mossoek ez zutela ekin, Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako arduradunek deklaratu dutenaren kontra. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa zenak, baita Francisco Perez de los Cobos U-1eko Polizia dispositiboaren buruak ere, Traperoren kontra gogor egin zuten, Gorenean lekuko gisa deklaratu zutenean. Mossoen maior ohiak esan du Perez de los Cobos "organo politiko bat" zela, "operatibo baten agintaria" beharrean. Gaineratu du esan zuela Perez de los Cobosen izendapena ez zitzaiola "egokiena" iruditzen, baina "errespetatuko" zuela.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna