Darponen dimisioa

Oposizioak eta sindikatuek salatu dute berandu iritsi dela Darponen dimisioa

EH Bilduk Osakidetzan neurriak hartzeko beharraz ohartarazi du. Elkarrekin Podemosek salaketa egin zuten hiru anestesisten ausardia nabarmendu du. EAJk Jaurlaritzan egindako lana eskertu dio Darponi.

Rebeka Ubera, EH Bilduko parlamentaria. /
Rebeka Ubera, EH Bilduko parlamentaria. / David Aguilar/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko martxoak 14

Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentariak ontzat eman du Darponen dimisioa, baina nabarmendu du Osasun sailburu ohiaren dimisioa ez dela nahikoa. Beharrezkotzat jo du Osakidetzaren funtzionamendua aldatzea ere. Bermeak eskatu ditu. "Orain inoiz baino beharrezkoagoa da Osakidetzan politikak aldatzea, gertatu dena berriro gerta ez dadin".

Uberak gaineratu du Darponek ez duela bere gain hartu dagokion ardura politikoa eta uneoro ukatu duela Osakidetzan gertatu dena.

Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen esanetan ere, behar baino beranduago dimititu du Darponek. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari "ausardia eta ardura" falta izan zaizkiola salatu du Elkarrekin Podemosek. Koalizioaren esanetan, nahiago izan du Darpon babestu, aukera berdintasunaren alde egin baino. Osakidetzako oposizioen irregulartasunak salatu zituzten hiru anestesisten ausardia nabarmendu du Makazagak. Haren esanetan, horien "garaipena" da Darponen dimisioa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsoren iritziz, Darponek Jaurlaritzan egindako lanak "argi asko" izan ditu, baina lan eskaintzaren irregulartasunen auzia "txarto kudeatu zela" adierazi du. Urkulluren kudeaketari leporatu dio Alonsok gobernuaren "ezegonkortasuna".

EAJren legebiltzar taldeak, berriz, "babes osoa" eskaini dio Darponi, eta egindako lana eskertu dio. EAJk ohar bidez adierazi du "LEPean irregulartasunak eman zitezkeela susmatzen hasi bezain pronto" egoera "zorroztasunez, gardentasunez eta arintasunez" kudeatu zuela sailburu ohiak. "Ohorea ematen dio herri honen interesak bere izen onaren gainetik jarri izanak, azken lan eskaintza publikoan egin diren irregulartasunen erantzulea ez dela jakin badakien arren". Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak "gorrotoak gidatuta" jokatzea leporatu die oposizioko alderdiei.

Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak defendatu egin du Darponek Osakidetzako oposizioen auzian izan duen jarrera. Rojok ziurtatu du Darponek emandako informazioari esker hasiko dela oposizioetan atzemandako irregulartasunen gaineko auzibidea. Halaber, hemendik aurrera langile hautaketarako sistema hobetzeko lan egitera deitu du.

ESK sindikatuaren iritziz, denbora gehiegi pasa da "sistema zikin eta klientelarra onartzeagatik" Darponek "ardura politikoa" bere gain hartu duen arte. "Bada garaia Osakidetza izan beharko litzatekeen osasun sistema publiko, garden eta demokratikoa bihurtu dadin", adierazi du ESK-k. Juan Diego Osakidetzako zuzendari berriari ildo horretan lan egiteko eskatu dio. "Berdintasunean, merituetan eta gaitasunetan oinarritzen den giza baliabide politika egi bihurtzeko aldaketak martxan jarri behar dira lehenbailehen. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendariak orain erakutsi dezake horren guztiaren alde dagoen ala alderdiaren iturgintza lanetarako dagoen postuan".

LAB sindikatuaren iritziz, "poztekoa da" Darponen dimisioa, baina erabakia "berandu" hartu duela nabarmendu du hark ere. "Darpon sailburuak ez zuen, gaur egun, inolako sinesgarritasunik, eta ustela izan den Enplegu Publiko Eskaintza prozesu baten azken arduraduna den heinean, ezin zen denbora luzeagoan geratu bere karguan. Horregatik, poztekoa da bere dimisioaren berria, baina egia da urrats hori aspaldi eman behar zuela". LABen esanetan, "gero eta argiago dago gure lurretan ere ustelkeria sareak ondo errotuta daudela". Osakidetza ez da salbuespena, sindikatuaren arabera. Oposizioetako filtrazioak eta Marguello auzia aipatu ditu horren adibide. Beste kasu batzuk ere etorriko direla iragarri du.

Darponen dimisioa "saihestezina" zela adierazi du CCOO sindikatuak. Erabakia "oso berandu" iritsi dela salatu du. CCOOk gogorarazi du Darponek muzin egin diela sindikatuekin lortutako hainbat akordiori. Horren adibide aipatu du Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatzeko erabakia. Sindikatuak Darponen ordezko izango denari eskatu dio negoziazioaren, adostasunaren eta akordioak betetzearen alde egin dezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna