Musika

Entzuleak dantzan jartzera dator 10. Mojo Workin' jaialdia

Donostiako rhythm and blues eta soul musikaren topaguneak, Mojo Workin' jaialdiak, hamargarren edizioa hasiko du gaur. Asteburuan, The Dixie Cups, The Cookies eta Winfield Parker ariko dira, besteak beste.

Mojo Workin' jaialdian parte hartuko duten zenbait musikari, gaur goizeko aurkezpenean, Donostiako Dabadaba aretoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 14a
13:52
Entzun

Musika beltzaren izen handiz bete da Donostiako Dabadaba aretoa, gaur hasi eta igandera bitarte hiria rhythm and blues eta soul musikaz beteko duen Mojo Workin' jaialdia aurkezteko. Hamargarren edizioan, "urtemugaren neurrira egindako egitaraua" prestatu dutela esan du Arkaitz Kortabitarte jaialdia antolatzen duen Gure Gauza elkarteko kideak. Horren adierazle da lau egunera luzatu dutela musika eskaintza; iazko egunen bikoitza.

AEBetako musikari beteranoak "gogotsu" eta "hunkituta" agertu dira Donostian, eta guztiek azaldu dute asmo bera: gozatzea, eta gozaraztea. New Orleanseko The Dixie Cups taldeko Barbara Ann Hawkins kideak esan du entzuleak haiekin batera kantatzeko asmoz joango direla larunbateko kontzertura: "Second line bat zer den erakutsiko diegu". Taldearen materialik ere ez da faltako kontzertuan: Hawkinsek erakutsi ditu kideek sinatutako zapia, argazki zaharrak, diskoak... Fardela beteta joango dira Egiako Gazteszena aretora.

The Dixie Cupsekin batera ariko da Thelma Jones abeslaria. New Yorken abiatu zuen musika ibilbidea, 1960ko hamarkadan, eta Barry! diskoetxe mitikoan hasi zuen karrera. Big Maybelle rhythm and blues kantari entzutetsua izan zuen mentore. Jonesek gogora ekarri du hark grabatu zuela aurrenekoz The House That Jack Built kantua, ondoren Aretha Franklinen bertsioarekin ezagun egin zena; "ohorea", Jonesentzat.

Bezperan, AEBetako beste artista handi batzuk ariko dira Gazteszenan: 60ko hamarkadako girl group ezaguna da The Cookies, New Yorkeko taldea. Ray Charlesekin lanean hasi ziren jatorrizko taldeko kide batzuk, Raelettes izenpean. Orduan, Dorothy Jonesek, Earl-Jane McRea eta Margaret Rossekin batera, jatorrizko The Cookies berpiztu zuen. Haiek grabatu zituzten Chains eta Don't Say Nothing Bad (About My Baby) kanta arrakastatsuak. Rossek "oso hunkituta" hitz egin du biharko kontzertuaren inguruan, eta esan du taldearen abesti garrantzitsuenak kantatuko dituztela.

"Emakume artean beldurtuta" egon da Winfield Parker musikaria. Hainbat urtez zenbait kantariren bandetan aritu eta gero, bere kabuz musika egiten hasi, eta "musika afroamerikarraren altxor ezkutua" bilakatu da frontman-a, antolatzaileen hitzetan. 60 eta 70eko hamarkadetako musikaren balioa goraipatu du: "Orduko musikak zerbait esaten zuen, esanahi bat zuen. Eta jantzi ere, ondo janzten ginen, estilo handiarekin. Ikusi besterik ez dago nolako musika egiten den gaur egun, eta nola janzten den jendea".

Aurrez sekula elkarrekin lan egin gabeak dira artistak, eta antolatzaileentzat urtebeteko lana izan da AEBetan kontaktu bila aritu eta musikariekin negoziatzea. "Artista bakoitzak bere istorioa du. Aurtengoa ez da hain zaila izan, guztiak aktibo daudelako, nahiz eta beste eszena batean mugitu", esan du Kortabitartek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.