Erasoa Zeelanda Berrian

Bi meskitari eraso diete Zeelanda Berrian, eta 49 lagun hil dituzte

Bi meskitari eraso diete Christchurch hirian, Zeelanda Berrian. Erasotzaileek 49 pertsona hil dituzte, eta 41 zauritu, gutxienez, tiroketetan. Erasotzaileetako bat eskuin muturreko australiar bat dela baieztatu du Australiako lehen ministroak. Josue Estebanez Galdakaoko militarraren izena du erasotzaileetako baten kargagailuak.

Martin Hunter/EFE

Berria -

2019ko martxoak 15

Erasoetan 49 pertsona hil dituzte, eta 41 zauritu, Jacinda Ardern herrialdeko lehen ministroak azaldu duenez. "Hau izendatzeko modu bakarra eraso terrorista bat izan dela esatea da", adierazi du. Erasotzaileek aldi berean egin diete eraso Hego uharteko hiriko bi meskitari, ostiralean, musulmanen otoitz egun nagusian. Erasotzaileek kamerak zituzten buru gainean, eta zuzenean eman dute sarraskia. Lehen ministroak jakinarazi du Poliziak lau lagun atxilotu dituela. Lehergai batzuk atzeman dituzte atxilotuen ibilgailuetan.

Reuters berri agentziak zabaldu duen argazki batean ikus daitekeenez, erasotzaileek eskuin muturreko beste hainbat erasotzaileren izenak eta gertaera historiko jakin batzuetako erreferentziak idatzita zeuzkaten armetan. Besteak beste, Josue Estabanez Espainiako armadako militar galdakaoztarraren izena. Estebanez espetxean dago, 2007an Madrilen Carlos Javier Palomino hiltzeagatik. Palomino ultraeskuinaren manifestazio bati aurre egiteko mobilizazio antifaxista batera zihoan, eta metroan topo egin zuen Estebanezekin. Hark labankadaz hil zuen Palomino.

Gaurko erasoaren ondoren, Poliziak bi lehergailu atzeman ditu Auckland hiriko tren geltokian. Kontrolpean leherrarazi ditu. Ardernen esanetan, Zeelanda Berriak bizi izan duen egunik "ilunena" da gaurkoa. Lehen ministroak argitu du Poliziak ez zeuzkala fitxatuta erasotzaileak. Larrialdi egoerarik gorena ezarri du gobernuak; meskita guztiak ixteko agindua eman du, eta musulmanei eskatu die ez joateko errezo guneetara.

Erasotzaileek 30 lagun baino gehiago hil dituzte Christchucheko Al Noor mezkitan, eta hamarretik gora Linwoodeko Zentro Islamikoan. Dozena bat zaurituri larrialdiko operazioa egin behar izan diete.

Atxilotuetako bat australiarra dela baieztatu du Scott Morrisonek, Australiako lehen ministroak. "Baiezta dezaket atxilotu egin dutela eta Australiako herritarra dela jakinarazi didatela", adierazi du. Morrisonen esanetan, erasotzaileak eskuin muturreko ideologiarekin egiten du bat. "Atsekabetuta gaude. Shock egoeran gaude; izututa eta suminduta. Guztiz gaitzesten dugu eskuin muturreko terrorista batek egin duen erasoa".

Erasotzaileek manifestu bat zabaldu dute sare sozialetan, musulmanen kontrako mespretxuzko mezuekin.

Lau atxilotuetako bat tiroka aritu diren erasotzaileetako bat dela uste du Poliziak, eta hilketa leporatu dio. 30 urte inguruko gizonezko bat da. Bihar utziko dute epailearen esku.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna