Telebista

Eneko Sagardoi, Mikel Laskurain eta Loreto Mauleon ‘Patria’ telesailean arituko dira

Aktore taldean izango dira Jose Ramon Soroiz, Iñigo Aranbarri, Susana Abaitua eta Jon Olivares ere. Lehendik, HBOk jakitera eman zuen Ane Gabarain eta Elena Irureta izango direla protagonistak.

Telesaileko aktoreetako batzuk. HBO
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 15a
12:47
Entzun

Datorren astean, asteazkenean, Donostian hasiko dira grabatzen HBO katearen ‘Patria’ telesaila. Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, Soraluzen eta Elgoibarren ere egingo dituzte grabaketak. Uztailera arte iraungo dute. HBOk Europa osoan eta Amerika osoan estreinatuko du telesaila 2020. urtean.

HBOk lantaldearen datu guztiak jakinarazi ditu: zuzendariak Felix Biskarret eta Oscar Pedraza izango dira —urte hasieran, Pablo Trapero zinemagilea kaleratu egin zuten—. Argazki zuzendaritzaz Alvaro Gutierrez arduratuko da, jantzien ekoizpen zuzendaria Clara Bilbao izango da, produkzio diseinuaz Juan Pedro de Gaspar arduratuko da, ile-apaintzaile lanez Karmele Soler eta makillajeaz Sergio Perez Berbel. Montatzaileak, berriz, Alberto del Campo eta Victoria Lammers izango dira.

Fernando Aranburu idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta telesaila. HBO Europe katearen gaztelaniazko lehen telesaila izango da. Aitor Gabilondo (Donostia, 1972) da egokitzapenaren sustatzaile, gidoilari nagusi eta produktore eragilea. BERRIAk Gabilondorekin egindako elkarrizketa bat argitaratuko du bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.