Klima aldaketa

Ikasleek kaleak bete dituzte klima aldaketari aurre egiteko neurri eske

Mundu osoan egiten ari dira protestak. Goizean mobilizazio jendetsua egin dute Baionan. Manifestazioak egiten ari dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 15a
08:25
Entzun

Friday for the future lelopean, mobilizazioak egiten ari dira ikasleak nazioarteko hainbat hiri eta herrita: besteak beste, Bartzelonan, Parisen, Milanen, Sydneyn eta Oslon. Euskal Herrian ere hainbat ekinbidetara deitu dute. Baionan, esaterako, goizean goiz irten dira ikasleak kalera, klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzera.

Ordua 08:30erako zuten jarria, eta gazte andana bildu da elkarretaratzera. Herriko etxe atarian bildu, eta Baionako suprefektura aldera joan dira hainbat ikastetxetako ikasleak.

Hego Euskal Herrian, eguerdian

Hegoaldean ere protestarako deia egin dute ikasle mugimenduek. 13:00etarako egin dute deialdia. Bizkaian, Leioako EHUko Mikel Laboa plazan elkartu dira; Donostian, EHUko ikastegian; Gasteizen, Plaza Berrian, eta Iruñean, udaletxe parean.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin, eta elkarretaratzea egin du Donostiko Bulebarrean. Errausketa klima aldaketaren kontrako politikekin bateraezina dela ohartarazi dute.

Aste honetan bertan, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du estatuak ez direla nahikoa egiten ari klima aldaketari aurre egiteko. Horregatik, estatuak mugiaraztea dute helburu gaurko deitutako grebek eta mobiliazioek.

Amsterdamen, esaterako, 6.0000 ikasle inguru bildu ziren atzo, agintariei klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzeko. Ez da lehen aldia Herbehereetan halako martxa bat egiten dutela. Otsailean, esaterako, 10.000 ikasle inguru bildu ziren Hagan, gobernuari klima aldaketaren aurkako neurri zehatzak eskatzeko. Baina Herbehereetako gobernuak iragarri du "zail" izango zaiola karbono dioxido isuriak iragarritakoa adina murriztea.

Urrunago, Australian, greba eguna dute gaur. Hainbat hiritan antolatu dituzte manifestazioak, baita hiriburuan ere. Sidneyn milaka ikasle bildu dira, Gazteria Klimaren Alde mugimenduak deituta. Aldatu zure pentsamoldea, ez klima eta Matematiketako azterketa egingo dut erabakiak hartzen direnean mezuak eskuetan irten dira kalera ikasleak, klasera joateko agintarien deiari entzungor eginez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.