Euskal presoak

Fernandez Iradi askatzeko eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Frantziari

Esklerosi anizkoitza du euskal presoak, eta haren osasunak nabarmen egin du okerrera azken hilabeteetan.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira Fernandez Iradiren senideak. /
Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira Fernandez Iradiren senideak. / Jon Urbe/Foku

Berria -

2019ko martxoak 15

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean izan dira Sareko eledun Inaxio Oiartzabal eta Ibon Fernandez Iradiren senideak. Euskal presoari duela sei urte diagnostikatu zioten lehenengoz esklerosi anizkoitza, eta, geroztik, okerrera egin du haren egoerak. Ainara Fresnera haren bikotekideak nabarmendu du badela urtebete hura etxeratzeko eskatzen ari direla. Fresneraren esanetan, edozein gaixotasunek areagotu egiten dio esklerosiak berez eragindako mina.

Horiek hala, Giza Eskubideen Batzordean ordezkaritza duten EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSE-EEren botoekin Fernandez Iradi aske uztearen aldeko adierazpena onartu dute —PPko ordezkaririk ez da izan batzordean—, eta eskatu diote Frantziako Gobernuari aintzat har ditzala nazioarteko legeak, eta aske utz dezala Fernandez Iradi. "Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatzen diote Frantziako Gobernuari eta Espetxe Zaintzari presoen bizitzarako eskubidea, segurtasuna eta osasuna babes ditzatela". Lannemezango (Okzitania) kartzelan dago preso.

Oiartzabalek gogorarazi du egun 21 direla larriki gaixorik egon arren Espainiako nahiz Frantziako kartzeletan preso jarraitzen duten euskal herritarrak, eta nabarmendu du euren gaixotasunei "baldintza duinetan" aurre egingo badiete etxeratuak behar luketela izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna