Arte eszenikoak

'Xeherezade eta tipularen azalak' obrak irabazi du Donostia antzerki saria

Vaiven Producciones konpainiaren ekoizpena "oso testu poetikoa eta ederra" dela nabarmendu du epaimahaiak. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean izango da sariak banatzeko ekitaldia, baina, ohi ez bezala, ez dute antzezlan irabazlea taularatuko.

Vaiven konpainiako eta Donostiako Udaleko ordezkariak.
Vaiven konpainiako eta Donostiako Udaleko ordezkariak. Andoni Canellada / Foku

Ainhoa Sarasola -

2019ko martxoak 15

Vaiven Producciones konpainiaren Xeherezade eta tipularen azalak antzezlanak irabazi du aurtengo Donostia antzerki saria. Lan hori da, epaimahaiaren iritziz, iaz helduentzako Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz taularatutako lanik onena. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen dute sariketa, eta 19. urtea du aurtengoa. Vaiven konpainiak 2002. urtean ere irabazi zuen saria, Lotsa gabe lanarekin.

Epaimahaiak azpimarratu du "oso testu poetikoa eta ederra" dela antzezlanekoa, eta lan metaforiko handia dagoela obran. Antzezleen lana ere "oso ontzat" jo du, "gorputz adierazpena izugarri lantzen baitute, eta lan fisiko ikaragarria egiten baita". Halaber, agertokian elementu gutxi agertzen badira ere, guztiak "oso ondo eta zentzu handiz" erabiltzen direla iritzi dio epaimahaiak. "Arriskuak hartu dituen antzezlan bat izan arren, oso ondo bideratu dute, eta ausarta da benetan".

Vaiven konpainiak 12.000 euroko saria eta Andres Nagelen artelan bat jasoko ditu. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Ohikoa izaten da saria jaso ostean antzezlan irabazlea taularatzea, baina oraingoan ez da hala izango. Ana Pimenta Vaiven konpainiako kideak adierazi duenez, bukatutzat eman dute ekoizpena, eta ezin izan dute ekitaldirako berreskuratu. Hala, sariketaren oinarriei jarraituz, bigarren sailkatu den antzezlana taularatuko dute, Axut konpainiaren Zazpi senideko, hain zuzen ere.  

Iaz helduentzako hamasei antzezlan eta 45 emanaldi egin ziren Donostian, eta 7.544 ikusle bildu ziren emanaldietan. Obra horietatik hamabik bete dituzte sariketan parte hartzeko baldintzak: konpainia profesional batek antzezlana lehen aldiz Donostian eta euskaraz taularatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna