Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Anaitasunako finalerako prest daude zortzi bertsolariak

Hilaren 23an jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, 17:00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Xabier Terreros, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia arituko dira kantuan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistak, gaur, finalaren aurkezpenerako prentsaurrekoan. XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA
Ane Eslava.
2019ko martxoaren 15a
08:26
Entzun

Otsailaren 9an abiatu zen 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Tuteran. Kanporaketa aurrekotik sailkatutako 24 lagun ziren orduan lehian; final-laurdenak eta finalaurrekoak igarota, zortzi iritsi dira finalera. Aurten ere, duela bi urte bezala, ez da emakumezkorik arituko txapela lortzeko lehian. Alde horretatik, txapelketa “herren” egongo da, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen hitzetan.

Bertsoaren ekosistema aberasten duten “ertz” guztiei aitorpena egin nahi diete aurten: bertsolariei, gai jartzaileei, epaileei, eragileei, irakasleei... Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, horiek guztiak “gorpuzten” dituen lagun bat arduratuko da garaileari txapela jartzeaz: Joxema Leitza. Euskalgintzari lotutako ibilbidea du Leitzak, eta bertsolari, gai jartzaile eta irakasle gisa aritu da, besteak beste.

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre arituko dira heldu den larunbateko finalean: Julen Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa; Julio Sotok, bederatzigarrena; Eneko Lazkozek eta Xabier Terrerosek, seigarrena, eta Eneko Fernandezek, laugarrena. Xabi Maiak, berriz, bigarren aldiz parte hartuko du, eta Xabat eta Joanes Illarregik, lehenbizikoz.

Finalerako sarrerak Nafarroako hainbat tokitan jarriko dituzte salgai ostiralera arte, bai eta www.bertsosarrerak.eusatarian ere, larunbat goizera arte. Horrez gain, larunbatean bertan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko leihatiletan ere jarriko dituzte salgai, 15:30etik 17:00etara. Kiroldegiko ateak 15:30ean irekiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.