Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Anaitasunako finalerako prest daude zortzi bertsolariak

Hilaren 23an jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, 17:00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Xabier Terreros, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia arituko dira kantuan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistak, gaur, finalaren aurkezpenerako prentsaurrekoan.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistak, gaur, finalaren aurkezpenerako prentsaurrekoan. Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Ane Eslava -

2019ko martxoak 15

Otsailaren 9an abiatu zen 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Tuteran. Kanporaketa aurrekotik sailkatutako 24 lagun ziren orduan lehian; final-laurdenak eta finalaurrekoak igarota, zortzi iritsi dira finalera. Aurten ere, duela bi urte bezala, ez da emakumezkorik arituko txapela lortzeko lehian. Alde horretatik, txapelketa “herren” egongo da, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen hitzetan.

Bertsoaren ekosistema aberasten duten “ertz” guztiei aitorpena egin nahi diete aurten: bertsolariei, gai jartzaileei, epaileei, eragileei, irakasleei... Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, horiek guztiak “gorpuzten” dituen lagun bat arduratuko da garaileari txapela jartzeaz: Joxema Leitza. Euskalgintzari lotutako ibilbidea du Leitzak, eta bertsolari, gai jartzaile eta irakasle gisa aritu da, besteak beste.

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre arituko dira heldu den larunbateko finalean: Julen Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa; Julio Sotok, bederatzigarrena; Eneko Lazkozek eta Xabier Terrerosek, seigarrena, eta Eneko Fernandezek, laugarrena. Xabi Maiak, berriz, bigarren aldiz parte hartuko du, eta Xabat eta Joanes Illarregik, lehenbizikoz.

Finalerako sarrerak Nafarroako hainbat tokitan jarriko dituzte salgai ostiralera arte, bai eta www.bertsosarrerak.eus atarian ere, larunbat goizera arte. Horrez gain, larunbatean bertan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko leihatiletan ere jarriko dituzte salgai, 15:30etik 17:00etara. Kiroldegiko ateak 15:30ean irekiko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna