Maite Larburuk bakarkako lehena kaleratu du: 'Hezurren azpian'

Hilaren 28an aurkeztuko du lana, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdian.

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko martxoak 15

Lan berria galdera askoren erantzuna izan dela dio Maite Larburu musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979). “Distantzia konstante bat izan da nire bizitzan. Euskal Herria utzi nuen Amsterdamera bizitzera joateko, eta, gerora, lanbideagatik, Amsterdam utzi, eta nomada baten gisan bizitzen hasi nintzen. Etxea urrun izan dut beti”. Euskal Herrira itzuli da orain, eta distantziak lotzen dihardu. Bidaia abestia jarri du adibide gisa: horixe da Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak) bakarkako lehen diskoaren lehen abestia. “Bi puntuen arteko distantzia nola zeharkatu arakatzen hasi naiz, eta miatze prozesu horretan aurkitu dut nire hezurren azpia: nagoen lekuan egonda nire etxe bihurtu dena da. Beti eman dit antidotoa distantziari aurre egiteko”. Neighbor taldearekin bi disko grabatu ondorenean, bakarkako lehena aurkeztu du Larburuk orain. Hilaren 28an egingo du jendaurreko aurkezpena, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdiaren programaren barruan.

Orain arteko bidean elkartu ez zaizkion bi puntuk bat egin dutela dio musikariak. “Maite Larburu biolin jotzailea eta Maite Larburu Neighbor batu dira”. Diskoaren Gona abestian gertatu da hori, zehazki. “Biolinetik sortu dudan kantu bat da. Nire ogibidea Neighborrera hurbildu da, eta Neighbor nire ogibidera. Bada, distantzia bat gutxiago nire bizitzan”. Mugarria izan da kantua horregatik. “Kantua, agian, nahigabe gertatu den zerbait da, baina Gona aurretiko eta Gona ondorengo abestiak daudela esango nuke, eta egongo direla”. Abestiaren bideoklipa ere egin du Txintxua Filmsek, Marian Fernandez eta Asier Altunaren gidaritzapean. “Bestearen lekuan jartze hori adierazi nahi nuen kantuarekin”. Besteak beste, Harkaitz Cano idazlea azaltzen da ikus-entzunezkoan. Diskoan azaltzen diren Maletadun maitalea eta Katekorratzarena kanten hitzak egin ditu Canok. “Gona jantzi, eta nire lekuan jarri da Harkaitz, lagun zahar batek egin dezakeen moduan. Nire ahotik bere hitzak bidali ditu, eta Cano idazleak egin dezakeen maisutasunarekin, gainera. Ederra izan da”.

Aida Torres eta Beñat Iturrioz perkusionistak eta Carlos Taroncher klarinetea ditu bidaia lagun Larburuk. “Diskoari kolore etxekoia eta intimoa eman diote. Nire kantuak janzten lagundu dute”.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna