Frankismoa

Francoren gorpuzkiak ekainaren 10ean aterako dituzte Erorien Haranetik

Pardoko hilerrian ehortziko dute, familiak han duen hilobian. Francoren senideek helegitea jarria dute Espainiako Auzitegi Gorenean.

Francoren familiak Pardo hilerrian duen panteoia. FERNANDO ALVARADO, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko martxoaren 15a
08:25
Entzun

Francisco Franco diktadorea ekainaren 10ean aterako dute Madrilgo Erorien Haranetik. Hala erabaki du gaur Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez presidentetzara iritsi zenetik luzatzen ari den prozesu bat da Franco hobitik ateratzea, baina gaurko erabakiarekin prozedura amaitutzat ematen du Espainiako Gobernuak. Hala adierazi du Carmen Calvo presidenteordeak ministro kontseiluaren ondorengo agerraldian.

Franco Madrilgo hilerri publiko batean ehortziko dute, Mingorrubio herriko Pardo hilerrian. Han du familiak bere panteoia eta Carmen Polo emazte izan zuenarekin batera ehortziko dute diktadorea. Calvok esan du erabaki hori hartzera behartu dituela familiak, auzi honetan eman dituen pausoak ikusirik. Pardoko hilerrian daude ehortzita frankismoko beste goi agintari batzuk ere, besteak beste, Carrero Blanco eta Arias Navarro. Han dago Rafael Leonidas Trujillo Dominikar Errepublikako diktadorea ere.

Helegitea, Gorenean

Francoren familia orain arte Franco Pardo hilerrian ehorztearen aurka agertu da. Madrilgo Almudena katedralean ehortzea proposatu zuten hasieran, baina Gobernuak baztertu egin zuen aukera hori segurtasun arrazoiak argudiatuta. Espainiako Gobernua beste leku batzuk negoziatzen saiatu da senideekin, baina ez direnez akordio batera iritsi, alde bakarretik hartu du erabakia. Senideek jarria dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegite bat gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzearen aurka. Espainiako Gobernuak dio soilik horrek gerarazi dezakeela prozesua.

Familiak orain arte lortu du prozesua atzeratzea epaitegietan. Otsailaren 27an Madrilgo epaitegi batek gorpuzkiak ateratzeko obra lizentzia geratu zuen, Erorien Monumentuko hilobiko harlauzak langileei min egin diezaiekela argudiatuta. Espainiako Gobernuak, ordea, erabaki hori hartu zuen epailea, Jose Yusti Bastarreche, auzitik baztertzeko eskatu du, memoria historikoaren legearen kontra agertu delako eta, ondorioz, ez delako inpartziala. Yustyren aita eta aitona, gainera, militara frankistak izan ziren.

Ez da publikoa izango

Espainiako Kongresuak egindako eskaera bat bete nahi du Gobernuak Francore Erorien Haranetik aterata. Memoria historikoaren legea du oinarri horretarako. Erorien Harana 1936ko Gerran hildakoak hartzeko eraiki zen, eta Franco ez dago horien artean. 1975ko azaroaren 20an hil zen, ia 40 urteko diktadura baten ostean, agintean. Carmen Calvok gaurko agerraldian gaineratu du Francoren gorpuzkiak Erorien Haraneko hilobitik ateratzeko ekitaldia ez dela izango publikoa, familiak soilik egon ahal izango duela, eta ez dela informaziorik edo irudirik zabalduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.