Erasoa Zeelanda Berrian

Zeelanda Berria: eraso bakanak, ala politikoak?

Musulmanen kontrako mespretxuzko mezu xenofobo eta supremazistak zabaldu dituzte Zeelanda Berriko erasoaren egileek. Kasu bakan gisa aurkezten dira sarri halakoak, izaera politikoa ezkutatuz.

Zeelanda Berriko erasotzaileek erabilitako armen kargagailuak.
Zeelanda Berriko erasotzaileek erabilitako armen kargagailuak. Reuters.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko martxoak 15

Zeelanda Berriko atentatuak "eraso terrorista" gisa hartu ditu Jacinda Ardern herrialdeko lehen ministroak: gutxienez 49 pertsona hil dituzte erasoetan, eta 41 zauritu. Manifestu batean, musulmanen kontrako mespretxuzko mezu xenofobo eta supremazistak zabaldu dituzte erasotzaileek. Arreta piztu dute, gainera, armetan idatzita zituzten erreferentziek: beste hainbat erasotzaile supremazista eta faxistaren izenak, gertaera historikoak... Ideologia bat erakutsi eta lotura batzuk egiteko asmoa agertzen du, nonbait. Jihadismoarekin edo bestelako ideologia batzuekin loturiko erasoetan ez bezala, kasu bakan gisa aurkezten dira sarri halakoak, izaera politikoa ezkutatuz. Badaude loturak, ordea, eta testuinguru bat: ideia xenofobo eta ultraeskuindarren gorakada.

Josue Estabanez Espainiako armadako militar galdakaoztarraren izena ageri da, esaterako, Zeelanda Berriko erasotzaileek erabilitako armetan. 2007ko azaroaren 11n Madrilen Carlos Javier Palomino gazte antifaxista hiltzeagatik zigortu zuten Estebanez. Epaiketan, militarrak ukatu egin zuen mugimendu faxistekin loturarik zeukanik, baina fiskalak defendatu zuen Estebanezek gorroto ideologikoagatik egin zuela krimena: DN Democracia Nacional taldearen manifestazio batera zihoala, eta metroan antifaxista talde bat ikusi ondoren, labana "lasaitasunez" atera eta "hiltzeko asmoz" joan zela haiengana. Tartean zen Palomino, 16 urteko gaztea.

Fiskalak esandakoen bidetik, zenbait iturriren arabera, DN taldeko militantea zen Estebanez. Epaiketa egin zutenean, jarraitzaile faxistak auzitegien kanpoaldean izan ziren akusatuari babesa agertuz. 1995etik, legezko alderdi gisa erregistratuta dago DN; lehenengo, espainolak, daukate jarrita, besteak beste, webgune ofizialean. PPk, Ciudadanosek eta Voxek otsailean Madrilen egindako manifestazioan parte hartu zuten, baita iazko irailean Bartzelonan Espainiaren batasunaren alde egindakoan ere.

Pelayu hitza ere ageri da Zelaanda Berriko atentatuen egileen armetan. Zenbait espainiar nazionalistek sustatutako mitoaren arabera, VIII. mende hasieran, "Covadongako batailan" musulmanen aurkako "birkonkista" hasi zuen errege asturiar bat izan zen Pelayo. Azkenaldian, besteak beste, Vox alderdiak erabili du "birkonkistaren" ideia, Andaluziako hauteskundeetan PSOE gobernutik kentzea lortu ondoren. Espainiar "nazioaren bihotza" Covandongan dagoela idatzi izan du Santiago Abascal Voxeko buruzagiak.

Euskaldunak, ezkertiar eta antifaxistak, beltzak...

Bakoitzak bere berezitasunak izan arren, azken urteetan ez dira gutxi izan halako kutsu faxista zuten erasoak: supremazista zurienak, migranteen eta antifaxisten kontrakoak, mezu xenofoboak zabaldu dituztenak... Kasu askotan ez da erraza erasoen motibazioa eta egileen eraginak zein ziren jakitea, baina badira kasu ezagun batzuk.

2011ko uztailaren 22an, Anders Behring Breivik eskuin muturreko kideak 69 lagun hil zituen Norvegiako Utoya uhartean, eta zortzi Oslon. Epaiketan, Breivik erietxe psikiatriko batera eramatea galdegin zuen fiskalak, baina espetxean ikertu zuen psikiatra talde batek esan zuen ez dela psikotikoa eta "bere buruaren jabe" zela ekintzak egin zituenean. Alderdi Laboristako gazteriaren kanpalekuan parte hartzen ari ziren biktima gehienak. "Mende honetan ekintzaile nazionalista batek egindako operazio ikusgarriena da", esan zuen Breivikek epaiketan.

Euskal Herrian, ezaguna da Aitor Zabaletarena (1998-12-08). Abenduan bete ziren hogei urte Bastion 1903 talde faxistak Aitor Zabaleta hil zuenetik. "Besteek ere parte hartu zuten. Bat polizia zen, bestea militarra... Betikoan gaude. Horrelako jendea estali egiten dute, eta horrela geratzen da justizia", kontatu zioten BERRIAri Zabaletaren gertukoek.

Halako gehiago ere izan dira Europan azken urteetan. 2013ko uztailean, esaterako, Parisen Clement Meric 18 urteko ikasle ezkertiarrari eraso zioten JNR Jeunesses Nationalistes Révolutionnaires taldeko kide batzuek, kolpeka. Hurrengo egunean hil zen, ospitalean.

2013ko irailean, Pavlos Fyssas rap abeslari antifaxista hil zuten Atenasen, labankadaz. Egunsenti Urrikara talde neonaziko militante bat jo zuten hiltzailetzat, eta epaile batek espetxera bidali zituen Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagia, Yannis Lagos diputatua, Yorgos Patelis udal mailako agintaria eta Khristos Pappas diputatua.

2015eko ekainean, 21 urteko gizon zuri batek AEBetako Charleston hirian bederatzi herritar beltz hil zituen, eliza batean tirokatuta. "Gorrotozko krimen" gisa azaldu zuen Poliziak. Testuinguru gatazkatsuan gertatu zen sarraskia, polizia zuriek azken urteotan hil dituzten herritar beltz armagabeen kasuen ondorioz AEBetan arraza diskriminazioa ez dela inoiz desagertu era gordinean bistaratu baitzen Charlestongo erasoekin. Charlestonen bertan, polizia zuri batek bizkarretik tiro eginda hil zuen herritar beltz bat, bi hilabete lehenago —halako kasuekin lotutako polizia gehienak kargurik gabe aske utzi ohi dituzte—.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna