Ingurumena

Agintariak kezkatuta daude, Frantzian hondoratutako ontziak Bizkaiko Golkoan izan dezakeen eraginagatik

Arroxelako kostatik 300 bat kilometrora (Bretainia eta Euskal Herriaren artean) istripua izan zuen itsasontzi batek igandean. 2.200 tona fuel olio zeramatzan hondoratu zenean, eta orbanak Bizkaiko itsasora iritsi ote daitekeen beldur dira adituak.

Nueva America ontzia sutan, joan den igandean.
Nueva America ontzia sutan, joan den igandean. Frantziako itsas armada.

Berria -

2019ko martxoak 15

Agintari eta adituak gertutik ari dira jarraitzen Nueva America ontziaren hondoratzeak eragindako egoera. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, fuel olioak sortutako orbanaren nondik norakoen gainean daudela esan du: arretaz ari direla haren bilakabidea zaintzen, eta beharrezko balitz, krisi mahaia martxan jarri eta itsas kutsadurari aurre egiteko protokoloa aktibatuko dutela ziurtatu dute. Euskalmeteko eta Aztiko adituekin batera ari dira jarraipen hori egiten, baina arratsaldean emandako azken informazioen arabera, "euskal kostalderako ez dago arriskurik".

Joan den igandean hondoratu zen Nueva America izeneko ontzi italiarra. Hamburgotik (Alemania) irten eta Casablancara (Maroko) heltzeko asmoa zuen, baina sute bat piztu zen ontzian, Arroxelako kostaren parean zeudela —Frantzian, Euskal Herriaren eta Britainiaren artean—. Ontzian zihoazen 27 lagunak onik ateratzea lortu zuten, baina hondoratu egin zen ontzia, 4.600 metro inguruko sakoneran, Arroxelako kostatik 330 kilometrora.

Frantziako armadak zabaldutako irudiotan —asteartekoak dira— ikus daiteke nola ari zen ontzia eskuinerantz okertzen. Hondoratu egin zen azkenean:

Autoak eta kontainerrak zeramatzan ontziak, eta 2.200 tona fuel olio. Horrek eragin du agintarien kezka; zenbateraino zabal daitekeen orban hori, eta zer kalte eragin ditzakeen itsasoan. Frantziako itsas armadako kideak ari dira olioa atera nahian, itsasontzi eta helikopteroekin, kostara iritsi ez dadin.

Frantziako armadaren irudia. Erdialdean ikus daiteke fuel olioak eragindako orbana.

Frantziako agintariek kezka agertu dute, besteak beste, hegaztiak eta arrainak fuel olioz zikinduta eta kutsatuta irits daitezkeelako kostaldera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako larrialdi zerbitzuek ere ohartarazpen hori egin dute datozen orduetarako.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna