Erasoa Zeelanda Berrian

Islamofobiaren aurkako mezuak, Zelaanda Berriko atentatuak gaitzesteko

NBEk "islamofobiari eta muturreko indarkeriaren forma guztiei" erantzutera deitu du. Turkiak "musulmanen aurkako gorrotoa eta xenofobia zabaltzen duten politikari arduragabeak" ere egin ditu erasoen erantzule. 49 lagun hil dituzte Zeelanda Berrian, bi meskitaren aaurkako erasoan.

Zeelanda Berriko erasoen aurkako elkarretaratzea, Istanbulen.
Zeelanda Berriko erasoen aurkako elkarretaratzea, Istanbulen. Tolga Bozoglu / EFE

Berria -

2019ko martxoak 15

Erreakzio ugari eragin dituzte Zeelanda Berriko Christchurch hiriko bi meskitaren aurkako erasoek. Erasotzaileek 49 pertsona hil dituzte gutxienez, eta 41 zauritu, tiroketetan. Erasotzaileetako bat eskuin muturreko australiar bat dela baieztatu du Australiako lehen ministroak, eta musulmanak dira biktimak. Mobilizazioak eta gaitzespen mezuak izan dira nagusi gaur; mobilizazioak, batez ere, musulmanen artean.

Bangladeshen eta Turkian, esaterako, kalera atera dira herritarrak. Aski da, mundu mailako terroreari ez eta Gurutzadaren basakeria Zeelanda Berrian bezalako mezuak erakutsi dituzte manifestariek. Turkiako Atzerri Gaietarako ministro Mevlut Çavusogluk, esaterako, "lezioa" ikasteko eskatu dio Europako Batasunari: "Eraso terrorista hauek ez dituzte egileek bakarrik eragin, musulmanen aurkako gorrotoa eta xenofobia zabaltzen duten politikari arduragabeek ere eragin dituzte".

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, berriz, "hunkituta" agertu da erasoekin: meskitak eta kulturako gainerako egoitzak leku "santuak" direla gogorarazi du: "Urgentea da elkarrekin hobeto lan egitea, maila globalean, islamofobiari erantzun eta intolerantziaren eta muturreko indarkeriaren forma guztiak amaitzeko".

Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen batzordeko goi-mandatariak ere "eraso terrorista eta islamofobo" gisa definitu du Zeelanda Berrian gertatutakoa. "Arrazismoa lortu nahi dugun horren guztiaren aurkakoa da, eta batzorde honek nahi du hura amaitzea, intolerantziarekin, xenofobiarekin eta era guztietako diskriminazioekin batera".

Eliza Katolikoak ere "elkartasun sentitua" helarazi die biktimei eta Zeelanda Berri osoari; bereziki, musulmanei. Erasoak "zentzurik gabeko indarkeriaren" ondorio izan direla esan du Frantzisko aita santuak.

Segurtasun neurriak Frantzian

Herrialde eta estatu ugaritako agintariek ere gaitzetsi dituzte erasoak. Atxilotuetako bat australiarra dela jakin ondoren, hala adierazi du, esaterako, Scott Morrison Australiako lehen ministroak: "Atsekabetuta gaude. Shock egoeran gaude; izututa eta suminduta. Guztiz gaitzesten dugu eskuin muturreko terrorista batek egin duen erasoa". Frantzian, bestalde, segurtasun neurriak areagotu dituzte egoitza erlijiosoetan, Christophe Castaner barne ministroak jakinarazi duenez —musulmanena bigarren komunitate erlijiosoa da Frantzian—. "Gorrotoaren eta basakeriaren" aurka jarraituko dutela ziurtatu du.


Frantzian segurtasun neurriak areagotu dituzte meskitetan Zeelanda Berriko erasoen ondoren. Christophe Petit Tesson /EFE.

Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos Eusko Jaularitzako eta Nafarroako lehendakariek ere gaitzespen mezuak zabaldu dituzte. "Bizitzaren aurkako erasoa" izan dela esan du Urkulluk: "Atentatu terrorista krudel hauek bizitzaren, duintasunaren eta askatasunaren aurkakop erasoa dira. Fanatismo erradikal baten adierazpenik ankerrena dira, pertsona eta familia errugabeen mina eta sufrimendua eragitea bilatzen dutenak". Barkosek ere "erabat gaitzetsi" ditu "komunitate musulmaren aurkako" erasoak: "Indarkeria ezin da inoiz bidea izan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna