Mendia

Txikonek etzi egin asmo du K2ko gailurrera heltzeko azken saiakera

Cheppal, Walung eta Pasang xerpekin batera, hirugarren kanpalekuaren azpitik dago Alex Txikon, 7.050 metrora. Bart gaua han pasatu behar izan dute haizeteengatik, eta etzi egingo dute K2ko gailurrera (8.166 m.) iristeko ahalegina.

Alex Txikon. AMAIA LARRUZEA
2019ko martxoaren 16a
08:31
Entzun

"Eguraldi zoragarria" dagoela, baina haize gehiegi. Horixe da Alex Txikonek eta Cheppal, Walung eta Pasang xerpek bart gauean babes taldeari helarazitako azken informazioa. 200 metro gorago iristea zuten atzoko xedea, baina 40 kilometro orduko haizeteak "etengabe" dituztela azaldu dute mendizaleek, eta geratu egin behar izan zutela. "Hirugarren kanpalekuaren azpikoa muntatu dugu, ondo inprobisatu dugu. Haizete handiak zeuden eta izozten ari ginen, nahiz eta eguraldi zoragarria eduki. Argazki eta bideo ederrak dauzkagu, baina haizea gogor jotzen hasi da, gero eta indartsuago. Gaua hemen pasatuko dugu, eta ikusiko dugu".

Guztiarekin ere, guztiak "ondo" daudela azaldu dute, eta erabaki "zuzena" hartu zutela: "Bi ordutxo falta zitzaizkigun, baina haizeak gogor jotzen zuen eta 'hemen geratuko gara', esan dugu. 200 metro gorago joatea, soka zaharrekin hemendik gora ibiltzea oso arriskutsua da. Haize handia badago, hobe hemen uztea, eta ez 200 metro gorago". Egoera horretan, bihar laugarren kanpalekua pasatu eta Botilaren Lepora —gailurrera heltzeko azken pasabidea da— iristea litzateke helburua: "Baina horretarako ez du haizerik egin behar. Botilaren Lepora heldu eta izoztuta geratu baino, nahiago dut ez izoztu".

K2 da neguan igotzeke dagoen zortzimilako bakarra. Lau saiakera baino ez dira egin, eta urrunen iritsi zen espedizioa Denis Urubkok eta Piot Morawskik 2012an antolaturikoa izan zen —7.650 metrora iritsi ziren—. Azken bi urteetan Txikon Everestera oxigenorik gabe igotzen saiatu da, eta pilaturiko esperientzia baliatu nahi du K2 neguan igotzeko. Asteazkenean amaituko da negua ipar hemisferioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.