'Altsasuko auzia'

Ostegunean Europako Parlamentuan hitz egingo dute Altsasuko Gurasoek

ICEC Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak antolatutako ekitaldi batean hartuko du parte Bel Pozuetak. Estatuen indarkeriari buruzko mahai inguru baten barruan hartuko du hitza, eta bilera bat ere izango dute Jan Jambon Belgikako Barne ministro ohiarekin.

Altsasuko Gurasoen prentsaurrekoa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak epaia atera ondotik. JON URBE, FOKU
2019ko martxoaren 16a
14:01
Entzun

Europako Parlamentura iritsiko da datorren astean Altsasuko auzia. Bel Pozueta Altsasuko Gurasoak taldeko kideak estatuen indarkeriari buruzko parlamentuko ekitaldi baten hartuko du parte, Korsikako eta Herrialde Katalanetako beste hizlari batzuekin batera. ICEC Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak antolatu ditu ekitaldiak, eta Anna Arque ICECeko kidearekin, Karl Drabbe historialariarekin eta Korsikako ordezkari batekin arituko da Pozueta. Ostegunean izango da mahai ingurua, 14:00etan, Europako Parlamentuan —Bruselan—.

Estatuen indarkeria ez ezik, brexit-ari buruzko saio bat ere izango da ostegunean bertan; zehazki, Erresuma Batua EBtik ateratzeak Irlandan eta Eskozian izan ditzakeen ondorioen gainean arituko dira Bernard Daelemans (ICEC), Robin McAlpine (Eskoziako Common Weal taldekoa), Matina Anderson europarlamentaria (Sinn Fein) eta Jan Degadt ekonomista.

Parlamentuko ekitaldiak hasi baino lehen, Jan Jambon Belgikako Barne ministro ohiarekin ere bilera egingo dute Altsasuko Gurasoek.

Martxoaren hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio salak bere egin zuen ekainean Zigor Arloko lehen aretoak ebatzitakoa. Terrorismo zantzurik aurkitu ez arren, hamahiru urte arteko zigorrak berretsi zituen agintaritzaren kontrako atentatua egitea, desordena publikoa eragitea zein lesioak eragitea egotzita. "Mendeku gosez" aritzea egotzi zioten Altsasuko Gurasoek, eta maniestaziora deitu zuten hilaren 24rako. Altsasun egingo dute mobilizazio hori, 12:00tan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.