KATALUNIA

Buruzagi subiranisten kontrako karguak kentzeko eskatu dute Madrilen

ANC eta Omnium Cultural elkarte zibil independentistek deituta, autodeterminazioa delitu ez dela aldarrikatu dute manifestazio batean. Antolatzaileen arabera, 120.000 bat lagun bildu ditu mobilizazioak.

Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 16a
08:29
Entzun

Kataluniatik joandako milaka lagunek Madrilgo kaleak hartu dituzte gaur, Espainiako Auzitegi Gorenean buruzagi independentisten kontra egiten ari diren epaiketa salatzeko manifestazioan. ANC Biltzar Nazional Katalanaren arabera, 120.000 lagun bildu ditu mobilizazioak. Espainiako Gobernuaren Madrilgo delegaritzak esan du, ordea, 18.000 izan direla. Bukatu da manifestazioa, eta antolatzaileak eta manifestazioarekin bat egin duten elkarteetako batzuk mintzatu dira Cibeles plazan atondu duten agertoki batean. Elisenda Paluzie ANCko presidentearentzat, nahi duten errepublika katalana ez da "inoren kontrakoa". Nabarmendu du inportantea dela mezu hori Bartzelonan bezala "Bruselan eta Madrilen" zabaltzea. "Herriek autodeterminazio eskubidea dute". Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak eskatu du epaituak izaten ari diren buruzagi subiranista katalanei egozten dizkieten karguak kentzeko. Bestela "eskuin muturraren konplize" izango dela leporatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Mauriren esanetan, faxismoa demokrazia mehatxatzen ari da, eta horri aurre egiteko batasuna eskatu du. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen hitzak irakurri ditu Maurik. Cuixart kartzelan dago, matxinada egotzita.

Altsasu Gurasoak plataformak ere manifestazioan parte hartu du, eta Antxon Ramirez de Alda gazte kartzelatuetako baten senideak agertokitik hitz egin du. "Hemen gaude salatzeko gure semeak nola izan ziren modu bidegabean epaituak eta kartzelatuak". L'estaca abestuz bukatu dute mobilizazioaren ondorengo ekitaldia.

Quim Torra Generalitateko presidentea mintzatu da mobilizazioa hasi aurretik, eta esan du Espainiak "askatasun oihuak" entzun behar dituela. Kataluniako zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Espainiako Poliziak segurtasun eremu bat osatu du Torraren bueltan. Manifestazioaren antolatzaileek ez zuten neurri horren berri. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak "epaiketa fartsa" salatu du, eta "Espainiako demokratak" deitu ditu aldarrikapenarekin bat egitera. Torra, Torrent, espetxeratutakoek senideak, Elisenda Paluzie, Marcel Mauri, eta alderdi subiranistetako eledunak doaz manifestazioaren buruan.

Iosu Alberdi BERRIAko kolaboratzailea zuzenean aritu da kontatzen.

Prado pasealekuan, Atocha eta Cibeles arteko kilometroan, 50.000 bat pertsona biltzea espero zuten antolatzaileek. Mobilizazioarekin bat egin dute Generalitateak, Kataluniako alderdi subiranistek (JxC, ERC eta CUP), Euskal Herriko EH Bilduk, eta Galiziako BNG. Gure Esku Dago-ko ordezkariak ere Madrilen egongo dira, Altsasu Gurasoak plataformakoak bezala. Protesta babestu dute, gainera, Espainiako Estatuko 50etik gora elkartek eta sindikatuk. Autodeterminazioa ez da delitu. Demokrazia erabakitzea da manifestazioaren leloa.

2017ko abenduaren 21eko hauteskundeen bezperatan Bruselan egindako mobilizazioaren moduko zerbait egitea dute helburu deitzaileek. Abenduaren 7ko mobilizazio hark 45.000 pertsona batu zituen. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek jakinarazi dutenez, 500 bat autobus heldu dira Madrilera.

Auzitegi Gorenean prozesu subiranistaren kontrako epaiketa hasi eta lau egun geroago, joan den otsailaren 16an, elkarte zibil subiranistek manifestazioa egin zuten Bartzelonan. L'autodeterminacio no es delicte (Autodeterminazioa ez da delitu) lelopean, 200.000 bat lagun bildu ziren —antolatzaileek emandako kopuruen arabera, 500.000 bat izan ziren—.

Bestetik, Jordi Alemany ANCren idazkaritza nazionaleko kidea atxilotu du Espainiako Poliziak, gaur goizean, Madrilen. Ikerketapean dago, U-1aren urteurrenean Gironan egindako ekitaldien harira desordena publikoa, eta Espainiako banderari iraintzea egozten dizkiotelako mossoek. Haren kontrako atxilotze agindua emanda zegoen, pasa den astean ez zelako deklaratzera joan Gironako 4. instrukzio epaitegira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.