Emakume Master Cup

Garaik eta Etxanizek alde handiz irabazi dute finala (5-22)

Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko finalak jokatzen ari dira Zumarragan (Gipuzkoa). Etxegaraik eta Osesek irabazi dute promozio mailakoa (18-15), Granado eta Lakuntzaren aurka. Lehen mailako finalean Garai eta Etxaniz nagusitu dira Espinar eta Arrillagaren aurka (5-22).

Emakume Master Cup finaletako pilotariak, gaur, Zumarragan (Gipuzkoa). MARISOL RAMIREZ, FOKU.
2019ko martxoaren 17a
10:25
Entzun

Alde handiz lortu dute Emakume Master Cupeko lehen mailako txapela Leire Etxanizek eta Leire Garaik. Hirugarren txapela du Etxanizek. Goraino beteta egon da Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki pilotalekua. Bigarren partida baino lehiatuagoa izan da promozio mailako finala: Etxegaraik eta Osesek irabazi dute partida (18-15), Granado eta Lakuntzaren aurka.

Garai eta Etxeniz jarri dira aurretik partidaren lehen zatian (0-4). Espinar saiatu da ezker gantxoarekin tantoa egiten, baina ez du asmatu nahi bezain laster. Txapapera ere joan zaio pilota bat lau eta erdiko txapeldunari (0-5). Tanto ikusgarria izan da urdinen seigarrena ere, aurreko koadroetan jokatutakoa (0-6), eta zulo handia egin dute ohartzerako Garaik eta Etxanizek (0-11). Ondo eutsi dio Arrillagak atzean, baina asko arriskatu du aurrean Espinarrek, eta ez zaizkio gauzak nahi bezala atera.

Garaik eta Etxanizek lan erdiak beteta zituztela egin dute lehen tantoa Espinarrek eta Arrillagak (1-12). Pilota aldatu dute, baina ezin izan diote segida eman (1-14). 2-14koan galdu du lehen pilota Etxanizek, eta Espinarrek pilota ezker paretan baztertu ondoren. Halaxe lortu dute gorriek hirugarren tantoa ere.

Alde handia zuten, ordea, Garaik eta Etxanizek. Garaipenetik hurbil jarri dira (5-20) urdinak; defentsan ia akatsik egin gabe aritu dira, eta lortutako tanto bakanak kostata egin dituzte Espinarrek eta Arrillagak. Azkenean, goiko txapara bota du pilota gorrien atzelariak (5-22).

Goraino beteta egon da Zumarragako Beloki pilotalekua. Mikel Serrano alkateak azaldu duenez, kanpoan ere geratu behar izan du jendeak, eta herriko zinema zabaldu dute, pantaila bidez partidak ikusi ahal izan zitzaten. “Azken momentuko neurri bat” izan dela azaldu du Zumarragako alkateak.

Promozio mailakoa, final lehiatua

Granadok eta Lakuntzak hasieratik ireki dute aldea markagailuan. Partida hasiera bizia izan da, eta 2-8 jarri dira aurretik urdinak, ia ohartzerako. Hortik aurrera, ordea, jokoan sartzen hasi dira Etxegarai eta Oses. Bi tanto jarraian egitea lortu dute (5-8), aurreko koadroetan egindako jokoarekin. Atzealdean, oro har, bikote beteranoa nagusitu da.

Hiruzpalau tantoren aldeari eutsi diote hurrengo tantoetan Granadok eta Lakuntzak (5-9; 6-10; 7-10). Erasoan saiatu dira gorriak, eta tanto borrokatu eta ikusgarriak ere izan dira (7-12), eta aldea murriztea lortu dute pixkanaka. Bi paretez egin du Etxegaraik 9-12koa, eta partida brerdintzea lortu dute gero (12-12), aurrealdeko jokoari eta ezker paretera baztertutako pilotei esker. Sakean ere asmatu du Etxegaraik, eta 13-12koarekin lehen aldiz Granadori eta Lakuntzari aurre hartzea lortu dute Etxegaraik eta Osesek.

Lehiatua izan da partida amaiera. 13-13ko berdinketarekin berreskuratu dute sakea urdinek, baina aurreko jokoan gehiago izan dira Etxegarai eta Oses. 15-13 jarri dira aurretik, eta 15-14koaren ondoren, 17-14koa lortu dute gazteenek. Azkenean garaipena lortu dute: 18-15.

Osesek adierazi du ez duela gozatu partidan, baina gustora agertu da garaipenarekin. "Eskertzen dugu hainbeste jende etortzea. Badaukagu neska talde bat, eta haiekin ospatuko dugu egun berezi hau".

Promozio Mailakoa (18 tantora). Maria Granado (Hernani, 22 urte)-Ainhoa Lakuntza (Aduna, 19 urte) /Madalen Etxegarai (Oñati, 13 urte)-Uxue Oses (Oñati, 13 urte).

Lehen Maila (22 tantora). Patri Espinar (Usansolo, 33 urte)-Mirian Arrillaga (Aginaga, 18 urte) / Leire Garai (Gasteiz, 15 urte)-Leire Etxaniz (Etxebarri, 29 urte).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.