Binakako Txapelketa

Igandean erabakiko da nortzuk izango diren beste finalistak

Altuna eta Martijak jokatuko dute Elezkano eta Rezustaren aurka. Irabazleek jokatuko dute apirilaren 7ko finala, Irribarria eta Zabaletaren aurka.

Elezkano, atzo, Bilboko Bizkaia frontoian; atzean, Irribarria eta Zabaleta. MARISOL RAMIREZ, FOKU.
2019ko martxoaren 18a
16:10
Entzun

Victor eta Albisu finalean jokatzeko aukerarik gabe geratu ziren atzoko partidaren ondoren, eta finalerdietako ligaxkaren azken jardunaldian sartuta, igandean erabakita geratuko da nork jokatuko duten aurtengo finala. Altuna eta Martijak jokatuko dute Elezkano eta Rezustaren aurka, igandean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Elezkanok eta Rezustak ezin izan zuten atzo Irribarriaren eta Zabaletaren aurka garaipena lortu —12-22 irabazi zuten Irribarriak eta Zabaletak, eta finalean dira dagoeneko—, baina beste aukera bat izango dute igandean. Ez da kalkulu handirik egin beharrik: Altuna-Martija eta Elezkano-Rezusta bikoteen artekoa irabazten duenak jokatuko du finala Irribarria-Zabaletaren aurka, apirilaren 7an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Atzoko partidaren ondoren, garaipen banarekin dira igandeko partida jokatuko duten bi bikoteak. Bina partida jokatu dituzte bikote guztiek, eta garaipenik ez dute lortu Victor eta Albisuk. Irribarria eta Zabaletak, aldiz, jokatutako biak irabazi dituzte, eta ondorioz, ez dute emaitzarik eskuratu beharrik Victor eta Albisuren aurkakoan. Larunbatean izango da finalerdietako partida hori, Iruñeko Labriten; ez dago ezer jokoan, ordea.

Igandekoa izango da finalerdi erabakigarria. Altuna eta Martija galtzen hasi ziren finalerdietako ligaxkan, baina Victor eta Albisuri irabaztea lortu zuten bigarren jardunaldian; azken txanpara 18-16 atzetik iritsi arren, gai izan ziren lehia iraultzeko (19-22). Irribarriaren eta Zabaletaren aurka, ordea, ezin izan zuten garaipena errepikatu (16-22). Antzeko bidea egin dute Elezkanok eta Rezustak ere, baina alderantziz: aurrenengoa irabazi, eta bigarrena galdeu. Victor-Albisuri irabazi bai (22-12), baina ezin izan zuten Irribarria-Zabaletarekin (12-22).

Tanto kopuruan ere oso parean dira bi bikoteak —hiru tantoko aldea dute Elezkanok eta Rezustak—, baina horrek ez du ezer aldatuko dagoeneko. Altuna-Martija edo Irribarria-Zabaleta, igandeko partida irabazten duenak jokatuko du Bilboko finala, Irribarria-Zabaletaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.