Erasoa Herbehereetan

Poliziak Utrechteko ustezko hiltzailea atxilotu du

Hiru hildako eta bederatzi zauritu izan dira goizean tranbia batean. Alerta maila gorena ezarri dute, eta segurtasun neurriak areagotu dituzte eskoletan eta meskitetan.

ROBIN VAN LONKHUIJSEN.

Berria -

2019ko martxoak 18

Polizak atxilotu du ustez gaur goizean Utrechten izan den tiroketaren ustezko egilea. Arratsaldeko lehen orduan 37 urteko gizon bat jo dute susmagarri eta haren irudia zabaldu dute. Gizona atxilotu ondoren, Poliziak adierazi du ez dutela baztertzen eraso jihadista ez diren beste hipotesi batzuk, eta, zehazki, "harreman pertsonalekin zerikusia duen eraso bat" izan zitekeela gaineratu du.

Turkiako Anadolu albiste agentziak adierazi du familia barruko auzi baten ondorioz tirokatu duela hiltzaileak emakume bat; ustez ari laguntzera joandako bi herritarri tiro egin die ondoren. Herbeheretako Gobernuak, edozein moduz, irekita dauzka ikerketa lerro guztiak, eta ez du baztertu eraso terrorista bat izateko aukera.

Tiroketa 10:45 inguruan izan da, tranbia batean. Hiru pertsona hil ditu erasotzaileak, eta bederatzi zauritu, alkateak eguerdian jakinarazi duenez. "Tiroketa bat izan da Utrecht hiriko Urriak 24 plazan. Gertakaria 10:45ean izan da. Hainbat pertsona zaurituta daude". Horixe da Herbeheretako Poliziak zabaldu duen lehen mezua Utrechteko erasoarekin lotuta.

Lekukoek Algemeen Dagblad tokiko hedabideari azaldu diotenez, erasotzaileak arma bat atera du eta tranbia baten eta inguruan zebilen jendearen aurka tiroka hasi da, hiriaren erdialdetik pare bat kilometrora dagoen auzo batean —Amsterdandik hegoaldera dago Utrecht, Herbehereen erdialdean—. Erasotzaileak ihes egin du.

Bilaketa operazio bat abiatu du Poliziak, eta 18:00ak aldera atzeman dute ustezko erasotzailea.

Inguruak itxi egin ditu Poliziak Jan van Zanen alkateak adierazi du zaurituak artatzea dela lehentasuna. "Gertakari izugarria eta larria" izan dela aipatu Van Zanenek: "Biktimak izan dira". Anbulantziak eta larrialdi zerbitzuak hurbildu dira gertakarien lekura, zaurituak artatzeko. Eguerdira arte ez dute baieztatu hiru pertsona hil dituztela tiroka.

Mark Rutte lehen ministroak egoera "kezkagarria" dela esan du, eta krisi mahai bildu du goizean. Poliziak maila gorenera igo du alerta egoera —Utrecht probintzian soilik—, gutxienez, 18:00ak arte. Segurtasun neurriak areagotu dituzte Utrechteko tren geltokian eta eskoletan. Utrechteko meskita guztiak itxi dituztela azaldu du Ulu meskitako bozeramaile batek: "Poliziarekin kontsultatu ondoren hartu dugu neurria". Tranbia ere geratuta dago, Poliziaren aginduz.

Asteazkenean hauteskundeak dituzte Herbehereetan, eta alderdi guztiek erabaki dute kanpaina bertan behera uztea oraingoz. Gaur arratsaldean hautagai guztien arteko eztabaida zuten Rotterdamen, baina gaurko gertakarien ondoren, ez egitea erabaki dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna