Mexiko

Otegi, Lazaro Cardenasen ohorezko guardian

Cuauhtemoc Cardenas Arnagako adierazpenaren sinatzaileak gonbidatuta, Mexikon da EH Bilduko koordinatzailea.

Cuauhtemoc Cardenas eta Arnaldo Otegi.
Cuauhtemoc Cardenas eta Arnaldo Otegi. / @ArnaldoOtegi

Berria -

2019ko martxoak 18

Fundacion para la Democracia erakundeak gonbidatuta joan da Arnaldo Otegi Mexikora. Cuauhtemoc Cardenas politikari, Internazional Sozialistako ohorezko presidente eta fundazio horretako buruetako bat da, eta hark gonbidatuta joan da Mexikora. Euskal Herriko bake prozesuan modu zuzenean inplikatu zen Cardenas eta, besteak beste, Arnagako adierazpenari babesa eman zion.

Cuauhtemocen aita zen Lazaro Cardenas Mexikoko presidente ohia. Petrolioaren nazionalizazioaren 91. urteurrena gogoratzeko ekitaldian hartu du parte Otegik. Asteartean, berriz, Fundacion para la Democraciak antolatutako hitzaldian hitza hartuko du.

Cardenasek azpimarratu du "oso garrantzitsua" dela Otegi Mexikon egotea: "Zalantzarik gabe hura izan da Euskal Herriko bake prozesuaren buruzagitza eraman duena. Inportantea da ikustea arazo handien irtenbidea bide baketsuak direla".

Otegik, berriz, nabarmendu du "ohore handi bat" dela Lazaro Cardenasen guardian parte hartzea, "gauza izugarri bat egin zuelako: Mexikoko petrolioa Mexikoko herriaren esku utzi zuelako". 1936ko gerran euskal iheslariei Mexikon eginiko harrera ere goraipatu du Otegik. 1932tik 1940ra bitartean izan zen Cardenas presidente.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna