Hondamendia

'Idai' zikloia Hego Hemisferioko inoizko hondamendi metereologiko handiena da ziurrenik

Nazio Batuen Erakundearen arabera hiru milioi pertsona inguru bizi diren lurraldeak zeharkatu ditu. Zifra ofizialen arabera, 222 dira Afrika hego-ekialdean eragindako hildakoak, baina Mozambiken bakarrik mila ere izan litezkeela ohartarazi du presidenteak.

Nhamudima auzuneko aireko irudiak, Mozambikeko Sofala eskualdean.
Nhamudima auzuneko aireko irudiak, Mozambikeko Sofala eskualdean. JOSH ESTEY / CARE / HANDOUT

Hodei Iruretagoiena -

2019ko martxoak 19

Afrika hego-ekialdian Idai zikloiak utzitako arrastoa historikoa izan liteke. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du ziurrenik Hego Hemisferioan inoiz izan hondamendi metereologiko handiena dela. Hiru herrialde zeharkatu zituen zikloiak, denera ia hiru milioi pertsona bizi diren lurraldeak. NBEk azaldu duenez, Mozambiken 1,7 milioi pertsona bizi dira Idai-k zeharkatu dituen lurretan, eta Malawin, 920.000. Zimbabweko datuak ez ditu eman, baina hor ere kalte handiak eragin ditu.

Zikloiak eragindako euriteen ondorioz, sei metrora arteko uholdeak izan direla jakinarazi du Lola Castro Munduko Elikagai Programako zonalde horretako buruak. Matthew Cochrane Ilargi Gorriko eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Federazioaren bozeramaileak adirazi du "ikaragarriena" datozen egunetan aterako dela argitara. "Han dagoen jendearen ustea da munduak ez duela oraindik ikusi hondamendi honen kalte larrienak". Leku askotara soilik airez edo urez iritsi daitekeela azaldu dute.

100.000 lagun, arriskuan

 

"Formalki 84 hildako erregistratu ditugu oraingoz, baina badirudi mila baino gehiago izan daitezkeela". Filipe Nyusi Mozambikeko presidenteak ohartarazi du uste baino larriagoak izan daitezkeela Idai zikloiak Afrika hego-ekialdean utzitako ondorioak. Oraingoz, 222 hildako zenbatu dituzte ofizialki: 84 Mozambiken, 82 Zimbabwen eta 56 Malawin. Itxura guztien arabera, ordea, mila inguru ere izan daitezke.

 

Mozambikeko kostatik sartu, eta Zimbabwe eta Malawi aldera egin zuen Idai zikloiak ostiralean. Igandean, Nyusi presidenteak helikopteroz ikusi ahal izan zituen Mozambiken eragindako kalteak; zehazki, Sofala, Zambezia, Manica eta Tete eskualdeak bisitatu zituen, eta 1,1 milioi biztanleko eremuan, 100.000 lagun inguru arriskuan egon daitezkeela ohartarazi zuen. Airetik jasotako irudietan ikus daitekeenez, urak herri osoak hartu ditu azpian.


Mozambikeko Sofala eskualdeko herritarrak, ur bila. JOSH ESTEY / CARE / HANDOUT

Beira hiria da horren adibide. Mozambikeko bigarren hiria da —kostaldean dago—, eta haren %90 inguru suntsituta dagoela azaldu du Gurutze Gorriak. "Egoera izugarria da, txikizioa oso handia da", adierazi du Jamie LeSueur Gurutze Gorriaren ebaluazio taldeko zuzendariak.

Zikloi bihurtu baino lehen, ekaitz tropikala ere izan zen Idai, eta ehun bat hildako eragin zituen dagoeneko Mozambiken eta Malawin, asteazkenean NBEk emanadako datuen arabera. Ostiralaz geroztik, zikloiaren ondorioak iparralderago ere hedatu dira, Kenyara esaterako, nahiz eta hainbesteko kalterik ez eragin.

Uzta garaia

Uzta jasotzeko prestatzen ari ziren leku askotan, eta txikizioek egoera larria ekar dezakete alde horretatik. "Eragin fisikoa bistaratzen ari da orain, baina ondorio humanoak noraino hel daitezkeen ez dago argi oraindik", azaldu zuen astelehenean Gurutze Gorriak.

NBEk eta Mozambiken aritzen diren bestelako elkarteek laguntza biltzeko deia egin dute; lehen kalkuluen arabera, 40,8 milioi dolar —36 milioi euro inguru— beharko dituztela aurreikusi dute, herrialde horri berehalako laguntza emateko.

Uholdeak Papuan

Papua Ginea Berriko armadak jakinarazi duenez, bestalde, uholdeek eta lur-jausiek 92 hildako eragin dituzte asteburuan herrialde hartan. 100 bat zauritu ere badaude, iturri horien arabera. Muhammad Aidi armadako eledunak zehaztu du beste 75 pertsona desagertuta daudela Jayapura hiriburuko uholdeen ondorioz. Denera, 8.500 desplazatu inguru utzi dituzte euriteek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna