Katalunia

Torrak ez du Generalitateko sinbolo horiak kentzeko asmorik

Hauteskunde batzordeak 24 orduko epea eman zion atzo arratsaldean erakunde publikoetatik xingola horiak kentzeko, eta ohartarazi zion bide penala har dezakeela.

Torra presidentea Kataluniak Generalitatearen egoitzatik irteten, martxoaren 13an. QUIQUE GARCIA, EFE.
2019ko martxoaren 19a
18:20
Entzun

"Erantzukizun administratiboak" ekar ditzakeela, eta "kasurako, penalak" ere bai. Ohartarzpen argia egin dio Espainiako hauteskunde batzordeak Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteari, erakunde publikoetatik xingola horiak erretiratzeko. Villaweb agerkariak berri eman duenez, ordea, Torrak ez du sinbolo horiek Kataluniako Generalitatearen jauregitik kentzeko asmorik —xingola horia ez ezik, presoen aldeko pankarta bat ere badaukate jarrita Generalitatean—. Erabaki hori hartu du gobernuko kontseilariekin egindako bileran, haren osteko agerraldian Elsa Artadi bozeramaileak azaldu duenez: "Adierazpen askatasunari eutsiko diogu". Txosten bat eskatu diete Generalitateko zerbitzu juridikoei, eta Kataluniako Arartekoen gomendioak jarraituko dituela esan dute. Beste eraikin batzuen kasuan, hauteskunde batzordearen ohartarazpenik jasoz gero, arduradunen esku utziko lukete erabakia.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira apirilaren 28an, eta hilaren 12an hasiko da kanpaina. Alderdi politikoek ez bezala, erakunde publikoek "inpartzialtasun zorrotzarekin" aritu behar dutela azaldu du hauteskunde batzordeak, "posizio ideologikoak" bazter utzita. Gaur arratsaldera arteko epea eman dio xingola horiak kentzeko, eta "desobedientziaren" bidetik ez jarraitzeko eskatu dio. Hauteskunde batzordeak, gainera, Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariari eskatu dio egiaztatzeko agindua betetzen ari ote diren.

Hauteskunde batzordeak joan den astean erabaki zuen erakunde publikoetatik sinbolo horiak kendu beharko zituztela Kataluniako agintariek. Alegazio bat aurkeztu zuen Torrak, baina ez diote onartu. Oraingo ohartarazpena bete ezean, batzordeak bide administratibotik joz gero, 3.000 euro arteko zigorra jar diezaiokete Torrari, "desobedientziagatik". Bide penaletik, berriz, Espainiako legediaren arabera, bi urte arteko inhabilitazioa izan dezake Generalitateko presidenteak. Torrak ez du erantzun zer egin asmo duen. Ciudadanosek fiskaltzaren esku utzi du auzia.

Antzeko aurrekariak badaude Herrialde Katalanetan. 2015eko bozetan, Bergako alkate Montserrat Venturosi (CUP) udaletik estelada kentzeko agindu zioten, eta uko egin zionez, eta sei hileko inhabilitaziora zigortu zuten.

Hain zuzen, esteladen inguruan ere egin zion ohartarazpena hauteskunde batzordeak, eta Torrak erantzun zuen , "askatasun egarri bat eta aldarri demokratiko, zilegi, legezko eta ez-biolento bat" ordezkatzen dutela halako sinboloek. Hauteskunde batzordeak erantzun du, ordea, "gizarte katalanaren zati baten helburuak" baino ez dituztela ordezkatzen esteladek eta xingola horiek.

Epaiketa, martxan

Madrilen, berriz, gaur hasi dute berriz Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa. Felipe Martinez Rico Ogasuneko idazkariorde ohia hasi da deklaratzen, eta guardia zibilen txanda izango da ondoren. Ostiralera bitartean, 24 agentek deklaratzea daukate aurreikusita. Epaiketaren erritmoa ikusita, egutegia berriz antolatzea erabaki du epaimahaiak, eta aurreikuspenen aurka, maiatza amaitu arte jarraitu beharko dute gutxienez. Udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak daude deituta maiatzaren 26rako, baina lekuko kopurua aintzat hartuta, epaileek aurreikusi dute ezingo dutela bozengatik epaiketa geldiarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.