Foru hauteskundeak

"Gipuzkoar guztiak kontuan izango dituen aldundia" bultzatu nahi du EH Bilduk

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkeztu ditu gaur koalizio subiranistak, Juan Karlos Izagirre buru dela.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaiak, gaur, Donostian.
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaiak, gaur, Donostian. Jon Urbe/Foku.

Berria -

2019ko martxoak 19

Jakina zen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia izango zela Gipuzkoako EH Bilduren hautagai nagusia datozen foru hauteskundeetan, eta gainerako zerrendakideak ere aurkeztu dituzte gaur. Bidasoa-Oiartzungo barrutian, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia izan da buru, Marian Beitialarrangoitia diputatua Oriakoan, eta Mikel Biain Oñatiko alkatea Deba-Urolakoan.

"Gipuzkoar guztiak kontuan izango dituen aldundia" egin nahi dutela azaldu du Izagirrek Gipuzkoa plazan egindako agerraldian: "Lehenengo eta bigarren mailako gipuzkoarrik gabekoa, inbertsioak lurralde osoan orekatuko dituena eta ez denak toki berean". Horretarako, "talde anitza, orekatua eta sendoa" osatu dutela nabarmendu du Izagirrek, "gipuzkoarren gehiengoak dituen premia eta aspirazioei erantzungo dien taldea".

Alderdiak hauteskundeei begira

Hauteskunde garaia dela nabari da. Udal eta foru bozak maiatzaren 26an izango dira, baina aurretik daude Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, apirilaren 28an. Horiei begirako ekitaldiak egin dituzte gaur alderdiek. EAJk, esaterako, Estarroan (Araba) egin du ekitaldia, Aitor Esteban eta Mikel Legarda diputatu eta hautagaiekin. Besteak beste, jeltzaleek ohartarazi dute kontzertu ekonomikoa ezabatu nahi duela Ciudadanosek, eta PPri egotzi diote Gernikako Estatutua bete nahi ez izatea.

PSE-EEk, berriz, Bilbon egin du ekitaldi bat. Arabako PSEren zerrenduburu Isabel Zelaak adierazi du "progresoa edo iraganeko txarrenera atzera egitea" egongo dela jokoan apirileko bozetan. Harekin batera, Patxi Lopez eta Odon Elorza hautagaiak eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia ere izan dira.

Elkarrekin Podemosen Bizkaiko hautagai Roberto Uriarte, berriz, Gueñesen izan da gaur San Jose eguneko azokan. Beren alderdiarena "boto erabakigarri, seguru eta arriskurik gabea" defendatu du, eta Elkarrekin Podemosek bermatuko duela "auzi nazionala elkarrizketa jarreratik eta estatuaren ikuspegi nazioanitzetik lantzea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna