Eraso matxista

Zeladore batek egindako erasoa salatu du andre batek

Atzo izan zen erasoa, Bilboko klinika batean. Lasaigarrien eraginpean zegoela gizonak baginan atzamarrak sartu zizkiola salatu du. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du biharko.

jarraia164162.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 19a
07:16
Entzun

Orozkoko andre batek egin du salaketa: atzo goizean Bilboko klinika batera, proba mediku bat egitera, eta bukatutakoan boxetara zeraman zeladoreak eraso egin zion. Aiaraldea.eus atariak eman du salaketaren berri.  Emakumeak berak kontatu die gertatutakoa: «Proba egin eta gero boxetara igo ninduten, oraindik lasaigarrien eraginpean nengoela. Zeladoreak —gizonezkoa— baginan sartu zizkidan atzamarrak. ‘Lasai, gozatu, erlaxatu...’, esaten zidan. Begiak ireki nituen, ez nekien zer egin, ez nuen sinistu nahi». Emakumearen lekukotzaren arabera, ondoren bularrak ukitu zitzaion.

Erietxetik irten aurretik medikuarekin hitz egitea erabaki zuen. «Gaizki sentitzen nintzen. Lotsa gainditu eta dena kontatu nion». Medikua salaketaren larritasunaz jabetu zen, eta solairuko arduradunarengana jo zuten segidan. Hark andrearekin izandako jarrera ez zen egokia izan: «Seguru nengoen galdetu zidan, zalantzakor. ‘Emakumeok badakigu non sartzen diguten eskua’, argitu nion». Erasotzaileak ondoren izandako jarrera ere salatu du: «Medikuarekin ari nintzela irribarretsu sartu zen bulegora. Igogailuraino jarraitu ninduen, ‘egun zoriontsua izan’ esateko».

Aiaraldeko mugimendu feministak eta Matxintxuk taldeak «elkartasun osoa» adierazi diote. Biharko elkarretaratzera deitu dute Orozkon bertan: 19:30ean izango da, Zubiaur plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.