Migratzaileen exodoa

Migratzaile bat hil da AEBetako mugan, Poliziaren esku zutela

40 urteko gizona da hildakoa, eta Mexikotik AEBetara pasatu "legez kanpo" pasatu ondoren atxilotu zuten, igandean. Joan den abendutik, AEBetako mugan Poliziaren zaintzapean hildako laugarren migrantea da.

Migratzaileak Piedras Negras herriko aterpetxe batean, Mexikon.
Migratzaileak Piedras Negras herriko aterpetxe batean, Mexikon. Miguel Sierra/EFE.

Berria -

2019ko martxoak 20

Aurrez ere ohiko pasabidea izan arren, iazko urte amaieratik, karabanetan iristen ari dira migratzaileak Mexiko eta AEBen arteko mugara. Abendutik hona, gutxienez haietako lau hil dira Mugako Patruilaren esku. Azkena, atzo bertan. Igandean atxilotu zuten 40 urteko gizon mexikarra, AEBetarako muga "legez kanpo" pasatu zuela-eta. Atzo, El Paso (Texas) herriko ospitalera eraman zuten, Poliziaren arabera, gripe baten sintomak zituelako. Atzo hil zen, ospitalean; ez dute haren izenik zabaldu.

Abenduan, zazpi urteko haur gutemalar bat hil zen, Mugako Patruilaren zaintzapean zegoela. Geroztik, 8 urteko beste haur bat eta beste migrante bat ere hil dira antzeko egoeran. Atzokoa laugarren kasua litzateke, AEBetako hedabideen arabera.

Mugako Patruilaren buru Kevin McAleenanek azaldu du sistema "gainezka" dagoela, "bere gaitasunen gainetik", eta "konplikatua" dela egoera.

ACLU AEBko Mugako Eskubideen Zentroko zuzendari Astrid Dominguezek, berriz, esan du beharrezkoa dela "ikerketa garden eta independente bat" hastea mugako atxilotze zentroetako baldintzen eta hango osasun praktiken inguruan.

Honduras, Guatemala eta El Salvadortik, hegoaldetik iparraldera beti, milioi erdi bat lagunek egiten dute ihes urtero. Aspaldiko exodoak karabana forma hartu du azken hilabeteetan. Mexikoko eta Hondurasko Migranteentzako Zerbitzu Jesuitako ordezkarien hitzetan, "etengabea da exodoa. Urriaz geroztik, 25.000 lagun atera dira karabanetan. Zenbaki itzela da. Drama bat", azaldu dute Mexikoko eta Hondurasko Migranteentzako Zerbitzu Jesuitako ordezkariek.

Joan den udan izan zen BERRIA migratzaileen karabanan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna