Osakidetzako iruzurra

Nekane Murgak kargua hartu du, Osakidetzako iruzur salaketaren aipamenik egin gabe

Urkullu lehendakariak izendatu du gaur goizean, Ajuria Enean egindako ekitaldian. Jon Darpon kargugabetzeko dekretua irakurri du ekitaldia bertan, sailburu ohia bertan zegoela.

Nekane Murga Osasun sailburuaren lehen agerraldia
Nekane Murga Osasun sailburuaren lehen agerraldia Jaizki Fontaneda

Jon Rejado -

2019ko martxoak 20

Nekane Murga Eizagaetxebarriak lehen adierazpenak egin ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu moduan. Gaur goizean hartu du kargua, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakariaren, Gobernuko gainontzeko sailburuen eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideen aurrean. Ekitaldian, lehendakariak eredugarritzat jo du Jon Darpon sailburu ohiak "Euskadiko hiritarren osasunaren alde" egin duen lana.

Murgak hausnartu du "ohore" bat dela sailburu izatea. Gobernu programa garatzen jarraitzeko nahia nabarmendu du, ekitaldiaren ostean egindako adierazpenetan. Ez du galderarik onartu, eta ez du aipamen zuzenik egin Darponen kargugabetzea behartu duen lan eskaintzen iruzur salaketari buruz. "Martxan dagoen sail baten gidaritza hartu dut, eta helburuak betetzeko konpromisoa hartu dut, kontuan hartuta eguneroko lana helburuak bezain garrantzitsua dela".

Etorkizunera begirako erronkak xehatu ditu Murgak: gaixotasun kronikoen gorakada, gaixotasun kardiobaskularren eta arraroen arreta, mendekotasuna, garapen teknologikoa, genetika eta bioteknologiaren agerpena… "Osasun Sailak apustu egingo du prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren alde, prozesuei aurre eginez modu integralean".

Azkenik, Osakidetzako eta Osasun Saileko profesional taldeari buruz mintzatu da. "Pertsona horiek gure kapital handiena dira; egunez egun lan egiten dute Euskadiko hiritarren osasuna hobetzeko".

Darponi esker ona

Ekitaldian Jon Darpon Osasun sailburu ohia egon da. Urkulluk kargugabetze dekretua irakurri du bertaratutakoen aurrean. Halaber, berretsi du Darponek eskatuta kargugabetu duela, eta hitz onak izan ditu azken sei urteetan egindako lana eskertzeko. “Dena eman duzu, eta Osasun Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izan duzun konpromisoa, zintzotasuna eta leialtasuna eredugarriak izan dira”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna