Bakea eta bizikidetza

Espainiako Estatuaren biktimen aitortza galdegingo dute Pasaiako sarraskiaren 35. urteurrenean

Pasaiako Sarraskia Argitu ekimenak estatu indarkeriak hildako hainbat biktimaren senideak bilduko ditu larunbatean egingo duen ekitaldian.

Pasaiako sarraskian Espainiako Poliziak hildakoen senideak eta Pasaiako Sarraskia Argitu herri ekimeneko kideak, gaur, prentsaurrekoan. PASAIAKO SARRASKIA ARGITU HERRI EKIMENA
2019ko martxoaren 20a
18:30
Entzun

Ostiralean, 35 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituela, Pasaiako badiako harkaitzetan. Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura erail zituzten lehenik. 28na bala sartu zizkieten beren gorputzetan. Harkaitzetan fusilatu zituzten Dioni Aizpuru eta Rafael Delas. 36 eta 21 bala jaso zituzten. Senideek eta Pasaiako Sarraskia Argitu ekimenak gertaera horien erantzuleak aurkitzeko lanean jardun dute urtetan, baina Espainiako Justiziaren bide guztiak agortu dituzte, Justiziak erantzulerik topatu gabe. Adierazi dutenez, ez dute itxaropenik Espainiako epaitegietan, eta horregatik ohartarazi dute egia ezartzeko mekanismoen beharraz. Giza eskubideen urraketa guztiak aitortu behar direla defendatu dute, eta salatu dute batzuk bakarrik nabarmentzen direla oraindik. Egoera gainditzera deitu dute. Hori dela eta, estatu indarkariak hildako hainbat biktimen kasuak ekarriko dituzte gogora larunbatean egingo duten ekitaldian.

Azken urteetan Pasaiako badian gertatutakoaren egia azaleratzeko borrokaren balorazioa egin dute biktimen senideek eta Pasaiako Sarraskia Argitu ekimeneko kideek. Gogorarazi dute hilketak argitzeko auzibidea itxita dagoela. "Froga berriak azaltzen ez diren bitartean, kasua artxibatuta dago. Artxibatzeko kaleratu zuten autoan hilketa zantzuak daudela aitortu bazuten ere, ezer gutxi egin dute urte guzti hauetan arduradunak identifikatu eta zigortzeko", salatu dute. Gauzak horrela, NBEren erakundeetara jotzeko aukera aztertzen ari dira.

Aitortu dutenez, ez dute konfiantzarik Espainiako Justiziarengan. Ez dute espero hark Pasaiako sarraskiko erantzukizunak argitzerik. Horregatik, Euskal Herriko erakundeak, alderdi politikoak, eragileak eta herritarrak deitu dituzte "egia ezartzeko mekanismoak" ezartzearen alde lan egitera. Senideek eta ekimeneko kideek aurreratu dute adi jarraituko dutela EAEko eta Nafarroako polizia indarkeriaren legeen ezarpena. "Agerikoa da euskal gizartea une erabakigarri batean aurkitzen dela bakearen, bizikidetzaren eta herri honen normalizazio politikoaren erronken aurrean. Alde horretatik, alde guztietako biktima guztien aitortza egin beharra dago. Inork baino hobeto baitakigu zer sufrimentu dagoen atzetik", adierazi dute.

Gaur egun, ordea, giza eskubideen urraketa batzuk bakarrik nabarmentzen direla salatu dute, eta beste batzuk "ukatu, ezkutatu edo txikiagotu" egiten direla. "Egoera hori gainditu beharra dago". Hori dela eta, Pasaiako sarraskiaren 35. urteurreneko ekitaldian, estatu indarkeriak hildako hainbaten kasuak ekarriko dituzte gogora. Ekitaldian izango dira Txiki eta Otaegiren, 1976ko martxoaren 3an hildakoen, German Rodriguezen, Joxe Arregiren, Ramon OƱederra Katturen, Josu Muguruzaren eta Jose Migel Etxeberria Naparraren senideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.