Espainiako Hauteskundeak

Sergio Sayas izango da Navarra Sumaren zerrendaburua Espainiako Kongresurako

Ciudadanoseko Ruth Goñi aukeratu dute Senaturako hautagai nagusi. Koalizoak adierazi du "abertzaletasunaren gorakadaren aurrean harresi" izatea duela helburu.

Sergio Sayas (UPN) eta Ruth Goñi (Ciudadanos) Navarra Sumaren Espainiako Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak, gaur, hautagaitzaren aurkezpen ekitaldian, Iruñean. JESUS DIGES, EFE
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 20a
07:18
Entzun

UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako Navarra Suma koalizioak bere hautagaiak aurkeztu ditu Espainiako Kongresurako eta Senaturako. Sergio Sayas UPNren foru parlamentaria izango da Kongresurako zerrendaburua. Horren gibelean, koalizioa sustatzen duten hiru alderdien ordezkariak azalduko dira: Carlos Garcia Adanero (UPN), Cristina Sanz (PP), Sonia Perez (C’s) eta Alberto Picon (PP).

Senaturako zerrendan, berriz, Ciudadanos alderdiko kide bati dagokio lehenengo postuan joatea, eta alderdiaren Nafarroako antolakuntza idazkari Ruth Goñi izango da zerrendaburua. Ondoren, Alberto Catalan (UPN) eta Amelia Salanueva (PP) joango dira.

Eta hautagaiekin batera, helburuak ere finkatu ditu: "Abertzaletasunaren aurrerakadaren aurrean harresi" izatea, eta "bere nortasuna errespetarazi nahi duen Nafarroaren ahotsa" Espainiako instituzioetara eramatea.

Koalizioak erabiliko duen logotipoa ere aurkeztu dute ekitaldian: laukizuzen moduko bat, gorri kolorekoa, UPNren ikurrean agertzen denaren oso antzekoa, eta barruan NA+ idatzirik duena.
Sayasen ustez, Navarra Suma "ilusioa eta ziurtasuna" sortzen duen egitasmoa da "Nafarroarentzat zein Espainiarentzat", eta !itxaropena! eskaini nahi die "Uxue Barkosen gobernua gehiago jasaten ez duten herritarrei".
Halaber, "askatasuna berreskuratu" nahi du Navarra Sumak, Sayasen hitzetan. "Pentsatzeko modu bat inposatu nahi izan digute, eta pentsatzeko modu horren arabera bizi behar izatea ere bai", esan du. Abertzaletasuna "sektario, endogamiko eta itxitzat" jo du.

Berriro ere, Espainiako konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kentzeko asmoa agertu du, hura "nafarrentzako tranpa" eta "abertzaleei egindako kontzesioa" delakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.