Erasoa Zeelanda Berrian

Arma erdiautomatikoak eta erasorako fusilak debekatu nahi ditu Zeelanda Berriak

Lege berria apirilaren 11rako indarrean jarri nahi duela azaldu du Jacinda Ardern lehen ministroak: "Martxoaren 15ean, gure historia betiko aldatu zen. Orain, gure legeak ere aldatuko ditugu".

Christchurch hiriko erasotan hildako biktima baten aldeko hileta. MICK TSIKAS, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 21a
12:51
Entzun

"Martxoaren 15eko erasoan erabilitako arma erdiautomatiko guztiak debekatuko dira". Ez du denborarik galdu nahi Zeelanda Berriko lehen ministroak. Jacinda Ardernek gaur goizean eman du gobernuaren lege asmoen berri: debekatu egin nahi ditu MSSA estilo militarreko arma erdiautomatikoak eta erasorako fusilak, baita horiek ekoizteko erabiltzen diren zatiak eta gaitasun handiko kargatzaileak ere.

"Martxoaren 15ean, gure historia betiko aldatu zen. Orain, gure legeak ere aldatuko ditugu", adierazi du Zeelanda Berriko lehen ministroak: "Gure armen legeak indartzeko eta gure herrialdea seguruagoa egiteko neurriak iragartzen ari gara gaur, zeelandaberritar guztien izenean". Joan den ostiralean, bi meskitari eraso zieten Zeelanda Berriko Christchurch hirian, eta 49 lagun hil eta 41 zauritu zituzten, gutxienez, tiroketetan.

Aerdernek azaldu duenez, jabeei aiptutako gisako armak erosteko sistema bat jarriko du martxan gobernuak, debekatuatko armak entregatu ditzaten. 5 milioi biztanle ditu Zeelanda Berriak, eta 1,2 eta 1,5 milioi arma artean daudela kalkulatzen da. Horietatik, 13.500 izango lirateke MSSA erakoak. Horiek erosteko 125 mlioi euro inguru beharko dituztela zehaztu du Zeelanda Berriko Gobernuak. Debekutik salbu geratuko dira ehizan, aziendetan eta plater tiroan erabiltzen diren arma klaseak.

Australiak antzeko sistema bat ezarri zuen 1996ko Port Arthurreko erasoen ondoren —35 lagun hil zituzten, tiroka—.

Babes mezuak ostiralari begira

Gobernua hasia da pixkanaka hildakoei buruzko informazioa zabaltzen, eta ari dira Christchurch hiriko erasoaren lehen biktimak ehorzten. Bihar beteko da astebete eraso horietatik, eta, musulmanentzat egun santua izanik, babesa agertu nahi dietela nabarmendu du Jacina Aerdern lehen ministroak: "Komunitate musulmanari gure babesa agertu nahi genioke meskitetara itzultzean, bereziki, ostiralean".

Zeelanda Berriko maoriek, bestalde, haka nazional batera deitu dute biharko, komuniate musulmanari elkartasuna adierazteko. "Haka kulturaren eta komunitatearen arteko harremanen oroigarri indartsua da", azaldu dute antolatzaileek: "Errespetuaren sinbolo da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.