Guggenheim

Izendaezina denari

Jenny Holzer artistak (Ohio, AEB, 1950) azken lau hamarkadetan sortutako lanak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak ‘Zer deskribaezina’ erakusketan. Irailaren 9ra bitartean egongo da ikusgai.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko martxoaren 21a
13:30
Entzun

“Nik kontakizunak aurkezten ditut hemen: bortxa jasan duten emakume eta gizonen bizipenak. Zer gertatzen den azaltzea da nire nahia, baina jakitea eta sentitzea ez da nahikoa. Ondo legoke, urrunago joan eta beste zerbait egitea”. Kontzientziatik haragoko urratsak egin behar direla dio Jenny Holzer artista estatubatuarrak. “Bakoitzak ikusiko du zer egiteko gai den. Baina miopea izatea litzateke, baita berekoikeria hutsa ere, justiziarik ezaren berri izanda ezer ez egitea”. Artea da Holzerren aktibismoa; haren bidez lantzen ditu berak auzi politiko eta sozialak. Siriako haurren bizipenak, AEBetako armadaren gehiegikeria eta emakumeen kontrako bortxa dira, besteak beste, Jenny Hozlerrek Zer deskribaezina erakusketan lehen planora ekarri dituenak. Orotara, lau hamarkadetan sortutako 150 lan baino gehiago bildu dituzte. Bihar irekiko ditu ateak, eta irailaren 9ra bitarte izango da ikusgai.

Gogoeta kritikoa bultzatzea da, Petra Joos erakusketaren komisarioaren hitzetan, Holzerren helburu nagusia. “Izendaezina dena eta deskribaezina denari izena jartzen dio artistak”. 1970eko hamarkada bukaerakoak dira haren lehen lanak, eta hastapenetik nabari da kutsu politikoa. Truismoak lana da horren erakusgarri: 1977. eta 1979. urteen artean idatzitako 250 esaldi labur biltzen dituen pieza da. Manhattaneko erdiguneko kaleetan zehar itsatsi zituen esaldi horiek, poster anonimoetan. Horiexek ematen diote hasiera erakusketari. Hainbat euskarri lantzen ditu artistak, eta horregatik da ezaguna: kamisetak, xaflak, pintura edo LED errotuluak baliatzen ditu bere mezuak zabaltzeko.

Besteak beste, Afganistango gerran AEBetako soldaduen gehiegikeriei buruzko saila ere jarri dute museoan; baita Yugoslavia ohian, gerra garaian, emakumeen kontra egindako gerraren lekukotzekin ondu duen Pupel lana ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.