Polizia indarkeria

Polizia indarkeriaren lege berria onartu du Nafarroako Parlamentuak

Legea babestu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Kontra bozkatu dute UPNk eta PPk. PSN abstenitu egin da. Biktimei aitortza administratiboa eskaintzea aurreikusten du legeak, epai judizialak kontuan hartuta.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 21a
07:09
Entzun

Eskuin muturraren edo funtzionario publikoen motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimen aitortzarako legea onartu du Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran. Lege proposamenak laukoaren aldeko botoak izan ditu. Oposizioak, berriz, zalantzan jarri du neurriaren segurtasun juridikoa, hainbat puntutan Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela iritzita.

Parlamentuak polizia indarkeriaren biktimen aitortzarako beste lege bat onartu zuen 2015ean, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kontrakoa zela ebatzi zuen iazko uztailean. Auzitegiak arfogudiatu zuen legeak Justizia administraziotik at dagoen batzorde bat eratzea aurreikusten zuela delituak ikertzeko, eta ahal hori ez dagoela Nafarroako Parlamentuaren eskumenen artean. Biktimek "egia estaltzeko nahia" izatea leporatu zioten Espainiako Estatuari. Nafarroako Gobernuak ere erabakia kritikatu zuen, biktimak "babesgabe" uzten zituela iritzita.

Gaur onartutako legeak 2015ean onartutako hura ordezkatuko du. Lege berriak helburu du "eskuin muturreko eta funtzionario publikoen indarkeria ekintzek eragindako biktimen aitortza sustatzea eta, dagokionean, ordaina ematea". Horretako, prozedura administratibo bat jasotzen du, epai judizialak kontuan hartuz, "biktimen gaineko legezko hutsunea" beteko duena.

Legeak argitzen du aitortu gabeko biktimei ordain administratiboa eman nahi zaiela, zigor asmorik gabe. Ardura hori izango du Aitortza eta Ordain Batzordeak. Urtebeteko epea izango du hari aurkezten zaizkion txostenei buruzko azterketa egin eta salatzaileei aitortza eta ordaina dagozkien ala ez ebazteko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.