'Brexit'-a

'Brexit'-a maiatzaren 22ra atzeratzeko prest dago EB, Erresuma Batuak akordioa onartzen badu

Komunen Ganberak brexit-erako akordioa hirugarrenez baztertuko balu, apirilaren 12ra atzeratuko litzateke irteera eguna.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea, atzo, hedabideen aurreko agerraldian. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 22a
12:02
Entzun

Aurreikusitakoa baino luzeago joan zen, atzo, Europako Batasuneko 27 kideen arteko bilera. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren eskaria aztertzeko bildu ziren; lehenengo, Mayrekin, eta ondoren, May gabe. Brexit-a ekainaren 30era atzeratzeko eskatu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Batasuneko kideek atzerapenaren alde egitea adostu dute, baina iteera eguna Mayk eskatutakoa baino epe laburragoan atzeratzeko prest agertu dira. Maiatzaren 22an ezarri du muga, Europako hauteskundeak ospatu aurretik.

Data maiatzera atzeratzeko, ordea, baldintza bat jarri du: Erresuma Batuko Komunen Ganberak brexit-erako akordioa onartzea datorren astean. Parlamentuak akordioa hirugarrenez baztertuz gero, irteera data apirilaren 12ra atzeratuko du EBk.

Mayk asmoa du akordioa hirugarren aldiz Komunen Ganberan aurkezteko, baina zail izango du hori egitea, John Bercow ganberako presidenteak astelehenean ohartarazi baitzion ezin duela "akordio bera" hirugarrenez bozkarazi. Eta, estatu kideek behin eta berriz errepikatu dutenez, brexit-erako ituna "itxita dago", ez dute "irekiko".

Komunen Ganberak akordioa babestuko balu, bi hilabete izango lituzkete Erresuma Batuak eta EBk irteerarako legezko egokitzapenak egiteko. Akordiorik ez bada, berriz, apirilaren 12ra atzeratuko da brexit-a. Hain justu, data horretara arteko epea izango du Erresuma Batuak Europako hauteskundeetara deitzeko aukera, herrialdeko legediaren arabera.

Egoera horretan, Erresuma Batuak zein bide hartu nahi duen argitu beharko du. Brexit-aren atzerapen luze bat galdeginez gero, atzerapen horren zergatiak arrazoitu beharko ditu eta Europako hauteskundeetan parte hartu beharko du. Maiatzaren 23 eta 26 bitartean izango dira hauteskundeak batasuneko herrialdeetan.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearen esanetan, "aukera guztiak irekita" daude; "akordiorik gabeko irteera, irteera adostua, atzerapen luzea eta brexit-aren indargabetzea". Azaldu duenez, Erresuma Batuak apirilaren 12a baino lehen argitu beharko du Europako hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez. "Ordurako ez deitzea erabakitzen badu, atzerapen luzearen aukera automatikoki baztertuko da".

Sei orduz luzatu zen, atzo, Brexit-ari buruzko eztabaida Europako Batasuneko 27 kideen artean, Mayrekin egoeraz mintzatu ostean. Hainbat proposamen aztertu zituzten. Hala, irteera data maiatzaren 7ra atzeratzeko proposamena egin zuen Emmanuel Macron Frantziako ministroak. Egun hori ez da kasualitatea: maiatzaren 8a jaieguna da Frantzian, II. Mundu Gerrako garaipena ospatzeko, eta hurrengo egunean, maiatzaren 9an, estatu kideek goi bilera informala dute Errumanian, Europako Batasunaren (EB) geroaz eztabaidatzeko.

Erresuma Batua hitzordura aurkeztuko ez balitz, 73 eserleku horietako 26 banatuko lituzkete gainontzeko estatuen artean, eta 705 eurodiputatuko ganbera bat geratuko litzateke; Erresuma Batuaren balizko desagertzetik Frantziak eta Espainiak aterako lukete etekinik handiena, bosna diputatu irabaziko bailituzkete: Frantziak 79 edukiko lituzke, eta Espainiak, 59. Maiatz amaierako hitzordutik aterako diren ordezkariek uztailaren 2an hartuko dituzte euren eserlekuak; hain justu, data hori ere kontuan hartuko dute Londresek eta Bruselak irteera are gehiago atzeratzea erabakitzen badute.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.