Bihar Berrian

Ezetz esateko zailtasunak

Gizartean ezetz esan behar denaren teoria oso errotuta badago ere, sarritan, praktikan ez da horrela izaten. Adituek diote beldurra, heziketa edota konpromisoa egon daitezkeela erabaki horren atzean. Horixe izango da biharko ‘Bizigiro’ gehigarriko gai nagusia.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko martxoaren 22a
09:40
Entzun

«Ezetza izen oso motza da, baina sekulako indarra du», dio Beatriz Oronoz psikologoak. Izan ere, kasu askotan zaila da ezetz esatea. Baietzaren eta ezetzaren arteko borrokan, baietza izaten da gehienetan garaile. Horretan eragiten duten faktoreak, berriz, hainbat izan daitezke: baztertzeko beldurra, besteen nahiak norbere nahien gainetik jartzea edota errudun sentimendua, esaterako. Adituek esan dute oreka bilatu beharra dagoela, norbere burua zaindu behar dela. Gai horren inguruan jardungo dute Beatriz Oronoz psikologoak, Pili Alvarez Moles autodefentsa feministan arituak, Iban Zaldua idazleak eta Oihana Bartra bertsolariak. Sortzaileen ikuspuntua ere barnebilduko du biharko Bizigiro gehigarriak.

Horretaz gain, Leizeen eguna egingo dute igandean, Lurpea elkarteak antolatuta. Pozalagua, Arrikutz, Ekainberri, Izturitze-Otsozelai, Mendukilo, Zugarramurdi, Sara eta Urdazubiko leizeetan sarrerak merketu eta jarduerak antolatuko dituzte. "Inguruan ditugunei gure lurpea ezagutaraztea da helburua", azaldu du Ainhoa Agirre Zugarramurdiko leizeetako arduradunak. "Denak dira ezberdinak, eta denek merezi dute bisita".

Gainera, Tolosan Gipuzkoa Encounter informatika topaketa egitean ari dira gaurtik igandera. 600 parte hartzaile bilduko dira. Solasaldiak, lehiaketak, jokoak, tailerrak... izango dira.

Zinemaren atalean, Tim Burtonen 'Dumbo' filmari buruz hitz egingo du Gontzal Agote zinema kritikariak. Pertsona errealekin, film klasikoaren bertsioa egin du. Telesailen atalean, berriz, ‘After Life’ telesail britainiarraz ariko da Mikel Yarza Artola. Ricky Gervais komediagile britainiarrak sortu du, eta bere ibilbideko lanik dramatikoena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.