Euskal Herria

Protesta giroan porturatu da Espainiako armadaren gerraontzia Getxon

Getxoko Udalak adierazi du ez dagoela ados gerraontzia porturatu izanarekin. Hainbat eragilek protestak deitu dituzte gerraontziaren etorrera eta gerra negozioa gaitzesteko.

Jan Carlos I.a Espainiako armadako gerraontzia, Getxon porturatzen, gaur goizean.
Jan Carlos I.a Espainiako armadako gerraontzia, Getxon porturatzen, gaur goizean. Miguel Toña/EFE

Berria -

2019ko martxoak 22

Espainiako armadako Juan Carlos I.a gerraontzia 08:45ak inguruan iritsi da Getxoko portura (Bizkaia). Hainbat hedabideren ikusmina piztua zuen ordurako. Izan ere, polemika eragin du gerraontziaren porturatzeak. Getxoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen joan den astean, gerraontziaren porturatzearekin ados ez dagoela jakinarazteko. EAJ, PSE, Guk eta EH Bilduren babesarekin onartu zuen adierazpena. PPk eta Ciudadanosek kontra bozkatu zuten.

Hainbat eragile antimilitaristek protestara deitu dute gaurko, gerraontziaren etorrera, gerra negozioa eta gastu militarra salatzeko. Mobilizatzera deitu dute, besteren artean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta EH Bilduk.

Espainiako Gobernuak, berriz, adierazi du Espainiako armadaren gerraontzia Getxon porturatu izana "normalitatearen isla" dela. Margarita Robles Defentsa ministroaren esanetan, Espainiak "modernitatean integratutako indar armatuak" ditu. Guardia Zibilaren urteroko sari banaketan egin ditu adierazpen horiek.

Espainiako armadako gerraontzia Getxoko portuan izango da gaur eta bihar. "Ate irekien jardunaldiak" antolatu ditu. 232 metro luze da Juan Carlos I gerraontzia, eta 350 militar eramateko tokia du, gutxi gorabehera. Bost hegazkin eta helikoptero bat ere badaramatza.

Egunotan, Bizkaiko golkoko uretan ibili da gerrarako hegazkinontzia. Sirio 19 izeneko ariketen barruan aritu da maniobrak egiten. Astelehenean hasi ziren ariketekin, eta, Bizkaian ez ezik, Nafarroako Bardean ere egin dituzte. Fikziozko egoera bat antzezten ari dira: Nordia eta Iberness izendatutako bi herrialderen arteko gerra.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna