Osakidetza

Sindikatuek bat egin dute lehen arretako langileen protestekin

Apirilaren 12an egingo dute greba, eta maiatzaren 17rako ere deitu dute. ELA, LAB eta ESK sindikatuen babesa jaso dute. Gaixoak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela salatu dute.

Otsailaren 9an Gasteizen eginiko manfestazioa. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 22a
10:04
Entzun

Apirilaren 12an grebara deitu dituzte Osakidetzako lehen arretako langileak, ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Lan baldintzak hobetzeko mobilizatuko dira. Salatuko dute, besteak beste, pazienteak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela, euren jarduna eragozten duen burokrazia gehiegizkoa dela, eta langileen ordezkapen eskasa.

LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformako kideekin bildu ziren atzo sindikatuak, eta horren aldarrikapenekin bat egitea erabaki dute. Plataforma horrek otsailean iragarri zuen hilero greba egun bat egiteko asmoa duela. Apirilaren 12ko grebarekin bat egin dute sindikatuek, eta eutsi egiten diote maiatzaren 17ko deialdiari.

Lehen arretako egoera "oso larria" dela ohartarazi du ELAko Esther Saavedrak. Medikuen sindikatuak uko egin dio mobilizazioarekin bat egiteari. Satse erizainen sindikatuak, CCOOk eta UGTk aintzat hartu dituzte plataformaren aldarrikapenak, baina momentuz ez dute greba deialdiarekin bat egin.

Plataformako kideek hainbatean gogoratu dute lehen arretako zerbitzuen erabilera urtez urte handitzen ari dela, eta arrazoi ugari daudela horretarako: gizartearen zahartzea, gaixo kronikoak ugaritzea, etxean artatu beharrekoena...

Horretarako, galdegin dute denbora gehiago paziente bakoitzarekin egoteko, gaixoen jarraipena beti mediku berak egitea, familia medikuen eta espezialisten arteko elkarlana hobetzea, eta gainerako osasun sareekin eta gizarte zerbitzu guztiekin batera osotasun baten parte izatea.

Eskaintza eskasa eta "anbiguoa"

Lehen mailako zerbitzuen kalitatea hobetzeko estrategia aurkeztu zuen Osasun Sailak otsailaren 20an. Proposatutako neurrien artean, familia medikuentzat eta erizainentzat beste 80 lanpostu sortzea, langile bakoitzeko herritar kopurua jaitsi ahal izateko; eta lanaldiak luzatzeko aukera izatea eta ordezkapenak egiteko kontratu egonkor malguak sortzea.

Gaur egun, Osakidetzaren lehen arreta zerbitzuan 4.500 langile ari dira 300 osasun zentrotan. Iazko datuen arabera, mediku bakoitzak batez beste 28-29 gaixo artatzen ditu egunean, eta bederatzi-hamar minutu igarotzen ditu bakoitzarekin.

LAAren arabera, baina, handiagoa da kopuru hori. Osasun Sailaren egitasmoa "anbiguoa eta zehaztugabea" da. Zenbait asmo "positibotzat" dituen arren, plataformak dio "urrun" daudela lehen arreta zerbitzuak egun dituen beharretatik. Besteak beste, lantaldeen autonomiaren eta kudeaketari buruzko proposamenik ez dagoela, erizain-pazienteen ratioa eskasa dela, administrazio arloa indartzeko proposamenik ez dagoela, gehiegizko burokratizazioari eusten diola eta lan kontratuen prekarizazioa ez dela aintzat hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.