Mendia

Martin Zabaletak Fitz Roy igo du, 70 urterekin

Horma tenteko eta zaileko mendia da Fitz Roy, Patagonian. Lorpen handia da edozein eskalatzailerentzat.

Martin Zabaleta, ezkerrean, eta sokakide izan duen eskalatzailea, Fitz Royren tontorrean. MARTIN ZABALETA
Erredakzioa
2019ko martxoaren 22a
20:01
Entzun

Ez da erraza Fitz Roy mendiaren hormatzar bertikal eta leunak eskalatzea (3.405 metro), bai zailtasun teknikoengatik, bai bertako eguraldiaren baldintza makurrengatik. Txile eta Argentina artean dago Fitz Roy, Patagonian. Bada, Martin Zabaletak, Everest (8.848 metro) igo zuen lehen euskal herritarrak, egunotan igo du, beste eskalatzaile batekin batera. 70 urte ditu alpinista hernaniarrak. Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, eta mendi gidari lanetan aritu da bertan. 1980ko maiatzaren 14an igo zuen Everest, Pasang Tembarekin batera.

Hotza, haizeteak eta ekaitzak ohikoak dira Fitz Royn. Aurtengo urtarrilean bi sokada ezberdinetako hiru eskalatzaile hil ziren, txekiar bat eta bi brasildar. Ekaitzak horman zintzilik zirela harrapatu zituen hirurak eta ezin izan zuten jaitsi eta babestu. Haiek erreskatatzera joandako eskalatzaile espainiar bat larri zauritu zen, 30 metroko eroriko bat izan eta gero.

Iker eta Eneko Pou eskalatzaile gasteiztarrek Martin Zabaleta zoriondu dute eta haren lorpena goraipatu dute sare sozialetan. Fitz Roy "munduko mendirik zailenetakoa" dela nabarmendu dute Facebooken. Zabaletaren igoera baliatu dute, era berean, bizitzeari eta zahartzeari buruzko gogoeta bat egiteko: "Gizaki guztiek eskura duten aukera da intentsitatez eta pasioz bizitzea. Askok esango dute arriskutsua dela, baina arriskutsuagoa iruditzen zaigu haiek gabe bizitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.