Biktimak

"Estatu indarkeriaren" bost biktimaren testigantzak bildu ditu Egiari Zor fundazioak

Fundazioaren esanetan, euskal erakundeetan biktima guztien aitortza posible egiteko saiakera egin bada ere, ez da lortu "diskriminazio egoera" gainditzea eta horretarako falta den bidea luzea da.

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko martxoak 24

Giza eskubideen urraketan jasan dituzten biktimen Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean, horixe eskatu du Egiari Zor fundazioak: egiaren aitortza. Bilbon egin duen agerraldian nabarmendu du indarkeriaren biktima batzuek, "zorionez", zegokien aitortza jaso duten arren, ez dela horrelakorik gertatu Espainiako "Estatuaren aparatuek" praktikara eramandako indarkeria pairatu duten biktimekin. "Jatorri bereko biolentzia oso ezberdinak jasan ditugun biktimak gara. Gehien-gehienetan, ezezagunak garenak. Ukatu gaituztelako. Iruzurtitzat jo gaituztelako. Estatu espainiarrak eta bere sistema judizialak ahalbidetu dituztelako jasan genituen eskubide urraketak eta krimenak posible izan zitezela", adierazi dute Ane Muguruza GALek hildako Josu Muguruzaren alabak eta Ixone Fernandez torturaren biktimak.

"Estatuak sorrarazi duen sufrimendu guztia" ezagutzera ematea galdegin dute Fernandezek eta Muguruzak. "Egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehunka eta ehunka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko baliagarria da. Biktimak erreparatzeko eta duintzeko bitartekoa eta bidea da".

Ildo horretan, gogorarazi dute zenbait urrats emateko saiakerak egin direla Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean. Saiakera horiek, baina, ez dira nahikoa izan "diskriminazio egoera" gainditzeko. "Uko egiten diogu gehiago zain egoteari. Guk, gaia perspektiba berri batetik lantzea proposatzen dugu, biktimon beharrak erdigunean jarrita".

Helburu hori lortzeko, "herri mailatik" lan handia egin daiteke, Egiari Zor fundazioaren iritziz. Hala, tokian tokiko batzordeak sortu eta "ikerketa informalak" egingo dituela jakinarazi du. "Horien lana izango da ebidentziak aztertzea, lekukoen testigantzak entzutea, informazio guztia argitara ateratzea eta ondorioak zerrendatzea, etorkizunean posible egiteko egia ezagutzea eta biktima horien aitortza ofiziala.

Lan horren lehen emaitza aurkeztu du gaur fundazioak. Aitortza ofizialik gabeko bost biktimen ahotsa bildu du bideo labur batean. Izaera desberdineko indarkeria jasan dutela azaldu dute, baina jatorri bera duela: "estatua". Ondorengo biktimen testigantzak biltzen ditu bideoak: Bego Martinez Murgia Guardia Zibilak 1972an Lekeition tiroz hildako Mikel Martinez Murgiaren arreba, Peru del Hoyo 2017an Badajozko espetxean bihotzekoak jota hil zen Kepa del Hoyo presoaren semea, Maitane Valcarcel 1972an Polizia Armatuak Bilbon atxilotu eta torturatu zuen Alfredo Valcarcelen iloba, Patxi Arratibel 2011an Guardia Zibilaren torturak jasandakoa eta Irantzu Benito 2001ean Avilako espetxetik (Espainia) lagun bat bisitatzera zihoala errepideko ezbeharrean larri zauritu zena —harekin zihoazten Iñaki Saez eta Asier Heriz ezbeharrean hil ziren—.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna