'Altsasuko auzia'

Elkartasunak gainezka egin du Altsasun, "justizia" eske

Jendetza bildu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren azken epaia gaitzesteko manifestazioak eta herriko kaleak erabat bete dituzte manifestariek. Deitzaileen arabera, 60.000 herritar baino gehiago elkartu dira. Dozenaka auto eta autobus harrapatuta gelditu dira mobilizazioaren eraginez herri sarreretan eratu diren ilaretan.

Berria -

2019ko otsailak 25

Txiki utzi du Altsasu, herri horretako gazte auzipetuei elkartasuna adierazteko sortu den uholdeak. Milaka herritar joan da Altsasura, Auzitegi Nazionalak 13 urte arteko espetxe zigorrak berresteko hartu zuen erabakia salatzera. Herriko kaleek gainezka egin dute. Manifestazioaren ibilbidetik kanpo dauden kaleak ere bete dituzte Altsasuko gazteei babesa adieraztera joandakoek.

Altsasu Gurasoak plataformak deitu du mobilizaziora, eta deitzaileek hunkituta hitz egin dute manifestazioaren hasieran. Eskerrak eman dizkiete Altsasura joan dire "leku guztietako" herritarrei.

Herrira sartzeko komeriak izan dituzte askok. Altsasu inguratzen duten errepideetan, autoilarak sortu dira, eta bertan zain egon behar izan dute autoetan eta autobusetan mobilizatzera joandako herritar asko.

Euskal Herriko herri ugaritatik iritsitako jendea bildu da manifestazioan; baita Kataluniatik, Galiziatik eta Espainiako hainbat erkidegotatik joandakoak ere.

Ez da justizia. Altsasukoak aske leloa buruan dela abiatu da manifestazioa 12:30ak aldera. Txalo zaparrada luze eta Altsasukoak askatu oihu indartsu artean hasi dute ibilbidea.

Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak berretsi zituen hilaren 7an, auzitegiko apelazio aretoak. Hamairu, hamabi, bederatzi, sei eta bi urteko zigorrak, 2016ko urrian, bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita. Gazteen gurasoek salatu dute "injustizian eta sufrimenduan sakontzen" duen erabakia dela. Amaia Izko defentsa abokatuak adierazi du "kontakizun artifizial" bati erantzuten diola, eta biktimen testigantza lehenetsi dela "kontakizun puztu bat justifikatzeko".

Hainbat ordezkari politiko eta sindikalek parte hartu dute manifestazioan. Altsasun izan da, esaterako, Maria Solana Nafarroako gobernuko bozeramailea. Solanak salatu du Altsasuko auzian "proportzionaltasun falta" izan dela, eta legearen aurrean tratu bera jasotzeko eskubidea aldarrikatu du. Haren esanetan, Altsasuko gazteen egoera "ez da onartzen ahal".

Javier Ollo Altsasuko alkateak "justizia" eskatu du, eta gaineratu du gaurko manifestazioak "Altsasuko irudi erreala" isalatzen duela.

Manifestazioan parte hartu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako hainbat ordezkarik. ERC alderdi kataluniarrak ere bat egin du, eta Altsasun izan da Gabriel Rufian ERCko diputatua.

Manifestazioaren amaieran, Altsasu Gurasoak plataformak nabarmendu du auzia hasi zenetik egin duen salaketak babes zabala lortu duela. "Hamarnaka milaka sinadura bildu ditugu, lortu dugu gure parlamentuan esertzen diren sentsibilitate guztietako pertsonak Iruñean sekula egin den manifestaziorik handienean elkarrekin parte hartzea. Gure sufrimendua eta zaurgarritasuna eraman dugu penintsulako txoko guztietara, Europako erakundeetara eta Nazio Batuen Erakundeetara". Espainiako Justiziak, baina, "itsu" eta "gor" jarraitzen duela salatu dute. "Medeku, jazarpen eta zigor gose jarraitzen dute".

Hala ere, auziari eta ezarritako zigorrei emandako erantzunarekin, "demokraziaren kalitatearen aldeko konpromiso lezioa" ematen ari direla adierazi dio Altsasu Gurasoak plataformak bertaratutako manifestariei. "Elkartasun eta gizatasun eredu gara".

Beste inork halako "urraketarik" jasan ez dezan, beren seme-alaben egoera salatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

Zaballako espetxean espetxe zigorra betetzen ari diren zazpi gazteek ere mezua bidali dute Altsasura, eskutiz bidez. Eskerrak eman dizkiete mobilizatu diren guztiei, eta, bereziki, Kataluniatik, Galiziatik eta estatu espainiarreko hainbat erkidegotatik joandakoei.

Gazteek nabarmendu dute leporatzen zaizkien gertakariak probatu gabe zigortu dituztela, salatzaileen testigantzetan soilik oinarrituta.

Ohartarazi dute gorroto larrigarria gutxiengoak eta talde zaurgarriak babesteko erabili beharko lituzkeela justiziak, eta Guardia Zibila ez dela ez bata, ez bestea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna