Musika

Scott Walker kantaria hil da

The Walker Brothers taldearekin arrakasta lortu zuen 1960ko hamarkadan, baina bakarka egindako ibilbide sendoak bilakatu zuen prestigioko musikari

Scott Walker. BERRIA
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 25a
07:46
Entzun

Scott Walker musikari estatubatuarra 76 urterekin hil da, 4AD bere diskoetxeak webgunean jakinarazi duenez: "Mende erdiz, Noel Scott Engelen [hori zuen benetako izena] distirak milaka lagunen bizitzak aberastu ditu", adierazi du zigiluak, ohar baten bidez. Walker (Hamilton, AEB, 1943) 1960ko hamarkadan egin zen ezagun Walker Brothers taldeko partaide zela, baina, haren ondoren, nortasun handiko ibilbidea egin zuen abeslari, ekoizle eta konpositore gisa.

The Walker Brothers AEBetan sortu zuten John Mausek, Gary Leedsek eta Engelek berak, baina jaioterrian ez, baizik eta Ingalaterran egin zuen bidea. AEBetan ezezagunak ziren bitartean, 1965. eta 1967. urteen artean, izugarrizko arrakasta lortu baitzuten Erresuma Batuan melodramatik asko zuen musika oparoarekin. Taldean Scotten baritono ahots sakona nabarmentzen zen, eta Make It Easy on Yourself Burt Bacharach-Hal David bikotearen konposizioarekin zerrendetako lehen postura eraman zuen The Walker Brotrhers.

[youtube]https://youtu.be/bZTS9H-l5qQ[/youtube]

Esperientzia hura bukatuta, Scott Walkerrek bakarkako bideari heldu zion;  The Walker Brothersekin nerabeentzako idolo gisa hartu izan zuten, baina, bakarkakoan, bide propioa landu nahiko zituen. Jacques Brel abeslari belgiarra zuen idoloetako bat, eta hiru urteko epe laburrean grabatu zituen lau diskoetan (1, 2, 3 eta 4) haren hainbat bertsio egin zituen, ingelesera moldatuta. Haien ondoan Bacharach-David bikotearen beste hainbat pieza agertu ziren.

[youtube]https://youtu.be/EQJwp-5BXZ8[/youtube]

Lau disko horiek ezinbestekoak dira Walkerren estilo sakon, dramatiko eta askotan iluna ulertzeko, baina bere garaian ez zuten izan kantariak espero zuen oihartzuna.

1975era bitartean beste hainbat disko grabatu zituen, The Walker Brothers berriro elkartu eta haiekin hiru lan ondu zituen arte. 1984an itzuli zen bakarkako bidera Climate of Hunter lanarekin, baina ordurako iraganeko loriak aspaldikoak ziren, eta Walkerrek ez zuen bere lekua aurkitu 80ko hamarkadako aldaketa garaian.

Hamar urte igaro beharko zituen Walkerrek Tilt diskoarekin berriro ere kritikaren arreta bereganatzeko. Avant-garde-tik eta esperimentaziotik inoiz baino gertuago, Walkerrek bere ibilbideko lan konplexuenetakoa egin zuen Tilt-ekin. Rockaren, musika garaikidearen eta industrialaren artean mugitzen den lan sailkaezina.

[youtube]https://youtu.be/zIJzTWk6bSw[/youtube]

Horren ondoren iritsi diren lanek Tilt-ek markatutako bide malkartsuetan sakondu dute: The Drift (2006), Bish Bosch (2012), Soused (2014)...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.