Komunikazioa

ETBk hiru telesail labur egingo ditu, bi eta lau atal artekoak

Iragarpena Eusko Legebiltzarrean egin du Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak. 2017-2020ko aldiko ildo estrategikoak eta proiektuak aurkeztu ditu, kontrol batzordean.

Maite Iturbe, legebitzarrean
Maite Iturbe, legebitzarrean Endika Portillo / Foku

Urtzi Urkizu -

2019ko martxoak 25

Programa kontratuaren balorazioa eta 2017-2020ko aldiko ildo estrategikoak aurkeztu ditu gaur Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, Eusko Legebiltzarrean. Gogoratu du EITBri ezarritako zerbitzu publikoaren eginkizunak honako hamar hauek direla: "Kalitatezko informazioa bermatzea; euskara sustatzea gero eta elebidunagoa den gizarte batean; euskal kultura sustatzea eta zabaltzea, adierazpen artistiko eta kulturalei babesa emanez; euskal kirola sustatzea eta zabaltzea; ikus-entzunezkoen industria sustatzea; gizarte kohesioa sustatzea; informazioaren gizartea herritar guztientzat sustatzea; euskal erakundeek onartutako 2017-2020ko aldirako Bake eta Bizikidetza Plana betez jardutea; aurrerakuntzako eta normalizaziorako plan eta jarduera instituzionalak garatzen laguntzea; eta gobernu arduratsuaren eta enpresa gardentasunaren printzipioak aplikatzea eta gizarte zibilari parte hartzeko esparruak eskaintzea".

Era berean, Iturbek zortzi ildo estrategiko iragarri ditu EITBrentzat: "Zerbitzu publikoaren eredua, audientzia eta gizarte prestigioa bermatuz; liderrak informazioan eta gaurkotasunean, EITB taldeak informazioaren erreferente nagusi izaten jarrai dezan; euskara edukien eskaintza, euskararen erabileraren normalizazioa sustatuz; eraldaketa digitala, konektatutako gizarte zorrotz bati erantzun ahal izateko; pertsona profesionalak, partekatutako proiektuarekin; lankidetza euskal ikus-entzunezko sektorearekin eta erakunde akademikoekin, etengabea den eta handitzen ari den sormenerako; berrartutako inbertsioen politika; eta kudeaketa aurreratua eta jasangarria". Iturbek nabarmendu du funtsezkoa izango dela eraldaketa digitalaren gaia, eta proiektu hori talde transbertsal batek kudeatuko du. Iragarri du, halaber, erabiltzaileen erregistro bat jarriko dutela martxan, "hartzaileekin harreman zuzena izateko eta fidelizazioa sortzeko".

Programa kontratua bete egin dela nabarmendu du Iturbek legebiltzarrean. "Balorazioa ona da", esan du, borobiltzeko. Aldiz, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek kritikak egin dituzte. "Kritika eraikitzaileak", gogorarazi du Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkideak. EAJko Ana Oregi izan da EITB "oso ondo" ari dela esan duen bakarra.

EH Bilduko Unai Urruzunok eta Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek gogor kritikatu dute EITBren ildo editoriala eta informazio edukien aniztasun falta. Urruzunok fikzioaz galdetu dio Iturberi, eta hari erantzunez, zera iragarri du EITBko zuzendari nagusiak: "Urte bat egon gara proiektu baten bila. Baina, azkenean, hiru telesail labur egingo ditugu, bakoitza bi eta lau atal artekoa. Gure historia jasoko duten telesailak izango dira. Laster hasiko gara proiektuak jasotzen. Irailerako baten bat martxan egotea espero dugu".

Legebiltzarrak, bestalde, erdibideko zuzenketa bat onartu du aho batez, EITBko berdintasun unitateari dagokiona. Honela dio onartutak testuak: "Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio jarraitzeko EITBn emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako bigarren plana eta EITBko kontratu programak garatzen. Halaber, EITBri eskatzen dio berdintasunerako administrazio unitatea indartzeko eta publizitate eta komunikazio ez-sexistarako kode deontologikoa betetzeko beharrezkoak diren ekintzak egiteko, horretarako beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak bideratuz".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna