Palestina

Gaza bonbardatu du Israelek

Golango gainak Israelenak direla aldarrikatzeko adierazpen bat sinatu du Donald Trumpek, NBEren irizpideen eta nazioarteko zuzenbidearen aurka. Egiptoren bitartekaritzarekin su-eten bat lortu dutela zabaldu du Reuters agentziak.

Preso palestinarren aldeko mobilizazioak egin dituzte Gazan, gaur.
Preso palestinarren aldeko mobilizazioak egin dituzte Gazan, gaur. MOHAMMED SABER/EFE.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko martxoak 26

Israelgo armadak baieztatu du: Gaza bonbardatu dute beste behin. Oraingoan, Gazatik 30 suziri eta mortero jaurtigai botatzea leporatu dio Israelek Hamasi. Israelek adierazi du ez dela inor hil. Adierazi duenez, defentsa sistemek jaurtigai gehienak indargabetu dituzte, eta beste batzuk hutsi dauden lursailetan erori dira. Israelgo armadaren arabera, Euskal Herriko 21:00ak eta 02:00ak artean jaurti ditu suziriak Gazak.

Israelek adierazi du Gazatik jaurtitako suziri bati "erantzun" diola. Azaldu duenez, suziriak zazpi pertsona zauritu zituen Israelgo etxebizitza batean. Israelgo Gobernuak Hamasi leporatu dio bonbardaketen erantzukizuna.

Haren esanetan, Gazako 15 "helburu terroristari" egin diete eraso, lurraldearen iparraldean. Besteak beste, Beit Hanoungo azpiegitura militar bat eta Beit Lahiko beste bat bonbardatu dituela ziurtatu du. Ismail Haniyeh Hamaseko buru politikoaren bulegoari ere eraso diote F16 hegazkinek —hirigunean dago bulego hori—.

Palestinako taldeetatik, inork ez du bere gain hartu suzirien jaurtiketa. Dena den, Gazako fakzio militarrak biltzen dituen operazioguneak ohartarazi du "erresistentzia proban ez jartzeko". Adierazi dute "okupazioari jasanezin egingo zaion erantzun gogor eta kolektiboa" eman diezaioketela bestela.

Hamasek atzo gauean adierazi zuen su-etenerako akordioa lortu zuela Israelekin, Egiptoren bitartekaritzari esker. Israelek, ordea, ez zuen halakorik baieztatu eta ez da su-etenik izan.

Tentsio egoerak gaiztotu egin da Israelen eta Palestinan. Israelgo Gobernuak larrialdi neurriak hartu ditu Gazaren ondoko eremuetan. Ikastetxeak ixteko agindu du, eta herritarrei gomendatu die lanera ez joateko, lantokitik hurbil babesleku antiaereorik ez baldin badute. Gainera, Erez eta Kerem Shalom herrietako mugak itxi dituzte.

Gazan ere itxi egin dituzte ikastetxeak, unibertsitateak, erakunde ofizialak eta bulegoak. Herritar asko ez dira lanera joan, bonbardaketa gehiagoren beldur.

2017ko datuen arabera, ia bi milioi biztanle bizi dira Gazan, 385 kilometro karratuko eremuan —4.167 biztanle kilometro karratuko—. Israelek askotan bonbardatu du. Martxoaren erdialdean, esaterako, ehun bonbatik gora bota zituzten Gazara, bi suziriri "erantzuteko". Iazko azaroan, hamasei palestinar eta soldadu israeldar bat hil zituzten hiru egunetan. Iazko martxoan errefuxiatu palestinarrak itzultzearen aldeko protestak hasi zituztenetik, 230 palestinar inguru hil eta 22.000 zauritu zituzten zortzi bat hilabeteko tartean, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Horiek horrela, "alde guztiei ahalik eta gehiena eusteko" eskatu die NBEk. Antonio Guterres idazkari nagusiaren bozeramaileak egin ditu adierazpenak, eta "kezkatuta" daudela esan du: "Israelen burujabetzari egindako eraso larri eta onartezina da Tel Avivekoa, baina Gazako bonbardaketei buruzko informazioa ere kontuan hartzen ari gara".

AEBak eta Israel, nazioarteko legeen aurka

Israelen eta palestinarren negoziazioen ondoren NBEk ezarritako mugak errespetatu gabe, Jerusalem herrialdeko hiriburu bihurtzeko kanpainan dabil Israel; batez ere, Donald Trump AEBetako presidentearen laguntzarekin. Orain, Golango gainak jarri dituzte jomugan. Gaur sinatu du Trumpek eremu hori Israelena dela aldarrikatzeko adierazpen bat, Benjamin Netanyahurekin batera —AEBetara bidaian da Israelgo lehen ministroa—.

NBEren eta nazioarteko zuzenbidearen arabera, Siriari dagokio Golango gaina, baina Israelek militarki okupatuta dauka 1967ko Sei Eguneko Gerratik. "Etorkizuneko edozein bake akordiok kontuan izan beharko du Israelek beharra duela Siria, Iran eta eskualdeko beste mehatxuetatik defendatzeko. Ez dugu gaur goizekoa bezalako beste erasorik ikusi nahi", esan du Trumpek.

NBEk oroitarazi du bere jarrera ez dela aldatu Golango gainari dagokionez. 1981. urtean, 497. ebazpena onartu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak, eta salatu zuen Israelek lurralde hori "indarrez" hartu zuela. "Okupazio" gisa definitu zuen egoera hori, eta "erabakia berehala atzera botatzeko" eskatu zuen. 38 urte pasatu dira ordutik, eta Israelek ez du atzera egin. Gaur egun, 20.000 kolono israeldar bizi dira Golanen —leku garaietan eraikitako kolonietan gehienak—, eta beste 20.000 bat siriar druso. Militarki okupatutako lurraldeetan koloniak eraikitzea gerra krimentzat jotzen da nazioarteko zuzenbidean.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak, Arabiar Ligak, Indonesiak, Mauritaniak, Saudi Arabiak eta Siriako eta Libanoko gobernuek gaitzetsi egin dute AEBen eta Israelen jarrera. "Burujabetza ez dute ez AEBek ez Israelek erabakitzen, okupazioak irauten duena irauten duela", esan du PANeko buru Mahmud Abbasek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna