Eduki Babestua

Kulturartekotasuna sustatzen

‘Gure plaza, gure hizkuntzak' jarduera egingo dute gaur arratsaldean Andoaingo goiko plazan, 'Ongi etorri eskolara' kulturartekotasuna bultzatzen duen proiektuaren barruan. Jatorri ugaritako herritarrek 'hizkuntza' hitza idatziko dute, beren mintzairan, mural batean eta udaletxeko balkoian ipiniko den pankartan.

Gure plaza, gure hizkuntzak jarduera Donostiako Amara Berri eta Egia auzoetan egin zuten iaz, eta arrakasta handia izan zuen.
Gure plaza, gure hizkuntzak jarduera Donostiako Amara Berri eta Egia auzoetan egin zuten iaz, eta arrakasta handia izan zuen. ongi etorri eskolara

Martxoaren 21ean izan den Arrazakeriaren Aurkako Egunarekin bat eginez, jatorri ugaritako herritarrek hizkuntza hitza beren hizkuntzan edo euskalkian idatziko dute mural batean gaur, Andoaingo goiko plazan, 16:45etik hasita. Gure plaza, gure hizkuntzak lelopean antolatu da jarduera, Ongi etorri eskolara proiektuaren barruan, Andoaingo Udalaren, Aita Larramendi ikastolaren eta Ondarreta eta La Salle Berrozpe ikastetxeen laguntzarekin.

Lehenik, pankarta batean margotuko dute hizkuntza hitza, nork bere mintzairan; pankarta udaletxeko balkoian ipiniko dute, eta, segidan, murala margotuko dute. Haurrentzat txokolate jana egongo da.

Helburua da Andoainen elkarrekin bizi diren eta elkarri eragiten dioten askotariko jatorria duten kulturetako hizkuntzak biltzea, bistaratzea eta bakoitzari bere balioa ematea. Horrez gain, beste herrialde batzuetatik etorri diren familien parte hartzea bultzatu nahi da, eta familia horiek haien artean gerturatzea eta harremanak sortzen hastea.

Andoainen antolatu aurretik, Gure plaza, gure hizkuntzak jarduera Zarautzen eta Donostiako Gros, Egia, Intxaurrondo eta Amara auzoetan egin da, eta arrakasta handia izan du.

Eskolan, auzoan eta herrian

Ongi etorri eskolara kulturartekotasuna osotasunean lantzen duen proiektu bat da: ikasgelan, eskolan, familiekin eta auzoan edo herrian. Ikasgelan eta ikastetxean berdintasunezko bizikidetza eta kulturartekotasuna sustatzen du, eskola komunitatea osatzen duten kultura guztien balioa azpimarratuz eta sentsibilizazio lana eginez. Halaber, kultura horiek guztiak euskarara eta euskal kulturara gertura daitezen ahalegintzen da.

Kultura aniztasuna, bai eskolan bai auzoan edo herrian, abantaila gisa ikusten dute Ongi etorri eskolara proiektuaren bultzatzaileek, kultura aberastasuna sortzen duelako, eta, filosofia horri eutsiz, gertutasunarekin lan egiten dute Familia Laguna programarekin. Haren bidez, herrialde ugaritatik Gipuzkoara emigratu duten familiak Gipuzkoako familia euskaldunekin jartzen dira harremanetan. Horrela, ikasgela berean aritzen diren eta adin bera duen ikasleen familia euskaldunek laguntzen diete egoera berrira egokitzen, lehen bi ikasturteetan. Bi kulturen arteko zubi lana egiten dute, eta etorri berriei bertaratze prozesuan laguntzen diete. Era berean, kultura berri bat ezagutzeko eta ezagutza horrekin aberasteko aukera izaten dute.

Ongi etorri eskolara proiektuaren barruan, familiekin egiten duten lanarekin batera, ikerketa, sentsibilizazio eta eskola eta auzo edo herri mailako esku hartze lana egiten dute, kulturartekotasuna sustatzeko. Eskoletan, auzoetan eta herrietan kultura ugari daude, eta horiek guztiak harremanetan jartzea eta elkarrekin aritzea garrantzitsua da, oso aberasgarria.

Duela lau urte jarri zen martxan Ongi etorri eskolara proiektua, Donostiako Aitor ikastolan, gurasoek ikusi zuten ezaugarri berezi baten inguruan. Ikastola horretan jatorri emigrantea duten gero eta haur gehiago matrikulatzen hasi ziren, eta aurretik ez zeuden egoera batzuk sortzen hasi ziren. Egoera horiei erantzuna emateko abiatu zen Ongi etorri eskolara proiektua. Emaitzak oso positiboak izan ziren, eta proiektua beste ikastegi batzuetan landu da. Izan ere, Donostian ehun familiak baino gehiagok parte hartu dute Familia laguna programan.

Oso erantzun ona

2018-2019ko ikasturtean Andoainen hasi dira lanean, Aita Larramendi ikastolako eta Ondarreta eta La Salle Berrozpe ikastetxeetako ikasleekin eta familiekin, eskola horietako familiak gurutzatuz edo nahastuz, Familia laguna programaren eskutik. Izan ere, Andoainen, esku hartze lana komunitate mailan egiten ari dira, eskola mailan baino gehiago.

Topaguneak aurkitu dituzte familiek harremana izan dezaten eta jarduerak elkarrekin egin ditzaten, eta beste hainbat ekintza eta esku hartze ere egiten dituzte. Horretarako, talde bat osatu da herrian kulturartekotasunaren inguruan dagoen egoera aztertzeko eta hausnartzeko, eta egin daitezkeen parte-hartze estrategiak eta jarduerak proposatzeko. Aita Larramendi ikastolako eta Ondarreta eta La Salle Berrozpe ikastetxeetako arduradunak, Andoaingo Udaleko eta Ongi etorri eskolara proiektuko kideak, Familia Laguna programako familiak, Andoaingo familia euskaldunak eta herriko elkarteetako ordezkariak aritzen dira talde horretan.

Ikasleen, gurasoen eta familien erantzuna oso ona izan da, oso positiboa, eta, orain arte, guztira 20 ikasle bikote eta 40 familia parte hartzen ari dira Familia Laguna programan Andoainen.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ongietorrieskolara.org.

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna