Kolonbia

Auzolanean matxinatzen

Kolonbiako hego-mendebaldeko indigenak borrokan dira martxoaren 10az geroztik. Dagoeneko hamar pertsona hil dira, eta 50etik gora zauritu, baina euren eskubideak defendatzen jarraitzen dute.

Andoni Barreña - Julen Larrañaga -

2019ko martxoak 26

Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizazioetan dabiltza errepideak mozten, hainbat nekazari elkarterekin eta mugimendu sozial eta zibilekin batera.

Ez da lehen aldia indigenek herrialdeko errepideak mozten dituztela. Azkena, 2016an: Juan Manuel Santos presidente zela hamahiru egunez izan zituzten, Kolonbiako hego-mendebaldeko errepide nagusiak itxita. Ordukoan, Santosekin hainbat akordio sinatzea lortu zuten; gerora, baina, akordio horiek ez dira bete, ezerezean geratu dira.

Aurreko gobernuekin sinatutako 1.200 akordio inguru eta bake prozesuan hitzemandakoak errealitate bihur daitezen ari dira borrokan martxoaren 10etik Cauca eskualdean. Aurretik, baina, mugimendu indigena hainbat aldiz saiatu da Ivan Duke presidentearekin negoziatzen. Gogoratu behar da hauteskunde kanpainan jadanik bake prozesuaren aurka lerrokatu zela, eta aurreratu zuen Santosen gobernuak hartutako konpromisoak ez zituela errespetatuko. Diskurtso eskuindarrarekin, eta Alvaro Uribe Santosen aurretik presidente izandakoaren besoetakoa izanik, lortu zuen Kolonbiako estatuaren presidentetza aurreko urteko ekainean. Bere agintaldiaren lehen 100 egunetan 118 lider sozial eta agintari indigena erail zituzten.

Duquerekin negoziazio saiakerek porrot egin ondoren eman zion ultimatuma mugimendu indigenak Duqueren gobernuari. Duquek berak gidatu beharreko ordezkaritza batekin negoziazioak hasi edo mingarako deia. Negoziatzen hasteko, nahitaezko baldintza zen—eta da, oraindik ere— Duque presidenteak parte hartzea. Azken orduan, Caldonoko babeslekuan bildutako milaka indigenen aurrean eman zuen berria Nancy Patricia Gutierrez Kolonbiako Barne ministroak: “Agenda arazoak direla eta, ezinezkoa da [Duque] etortzea”. Minutu batzuk geroago hasiak ziren errepideak harri sendoz eta zuhaitz eraitsiez betetzen.

Geroztik, Kolonbiako hego-mendebaldeko korridorea itxita dago. Matxinatuek Panamerikarra errepidearen hamabost kilometro inguru dauzkate blokeatuak, eta hainbat kanpaleku altxatu dituzte errepideen inguruetan. Ekuadorrekin lotzen duen komunikazioa moztua dago, eta hainbat hiri hasiak dira blokeoaren ondorioak pairatzen: ez dute erregairik, espekulazioak gora egin du neurririk gabe, eta elikagaiak ere falta dira.

Kamioi ilara amaigabeen irudiekin batera, gerra irudiak datoz mingatik. Indigenak borroka gogorrak ari dira izaten SMAD Istiluen Aurkako Poliziarekin. Polizia, negar gasa eta ur tankeak ez ezik, balak ere erabiltzen ari dela salatu du CRIC Mugimendu Indigenaren Federazioak, eta hainbat direla balez zauritutako kideak. Guardia Indigenako zortzi kide eta ikasle bat hil zituzten, eta beste hiru larri zauritu leherketa batean, martxoaren 21ean. Ozeano Barean dago Buenaventura portua —Kolonbiako garrantzitsuenetakoa—, eta harako bidea mozteko prestalanetan ari ziren, oraindik argitzeke dagoen gertakari honetan.

Animoz, hala ere, goiari eusten diote oraindik mingan, eta indigenak ziur daude Duque hara joango dela lehen baino lehen. Lasaialdiak futbol partida inprobisatuekin eta musika saioekin pasatzen dituzte, besteak beste. Hainbeste egunetako borrokarekin nekatuak daudenak etxera doaz indarrak berreskuratzera, eta, bien bitartean, errelebo sendoek hartzen dute lekukoa. Behin eta berriro errepikatzen dute beren borroka herrialde osoari eragiten dion borroka dela. Ama lurraren defentsa, bizitza, demokrazia, justizia eta bake eskubideek denei zuzenean eragiten baitiete.

Kolonbiako etorkizun hurbilaz harago, asko dago jokoan bi indarren arteko borroka honetan. Indigenek negoziatu eta berenak dituzten eskubideak bermatzea lortuko balute, Kolonbiako eskuinaren oinarri itxuraz sendoetan arrakalak argi ikusiko lirateke, baina mingak ostera porrot egingo balu, erresistentziarako eta mobilizaziorako gaitasunik handiena duen agentearen mugak azaleratuko lirateke.

Bitartean, Barne ministroarekin negoziatzen jarraitzen dute presidentearen etorrera. Venezuelara begira dagoen presidenteari etxera ere begiratzeko exijitzen diote indigenek. Atzerrira giza laguntza bidaltzen duenak errepresioaren aurpegirik gordinena eskaintzen die etxekoei.

Galdera hauxe ere eragiten du gertatzen ari denak: kilometro gutxitara dagoen Venezuelan balitz minga hau, zenbat albistegi ez ote zituen zabalduko?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna