Etxe kaleratzeak

Hipoteken aurretiko klausulak mugatu ditu Europak

Gehiegizkotzat jo du kuota bat ordaindu gabe uzteagatik pertsona bat etxegabetzea, baina ez du Europako legediaren kontrakotzat jo klausula hori. Hilabete batetik hirura luzatu du.

Etxe gabetzeen aurkako protesta bat Iruñean. GORKA RUBI (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 26a
10:47
Entzun

Espainiako Estatuako epaile batek abusuzkotzat edo gehiegizkotzat jo dezake kuota bat ordaindu gabe uzteagatik pertsona bat etxegabetzea edo kaleratzea, eta, horrekin batera, pertsona hori behartzea etxearekin batera maileguan jasotako diru kopurua ematera bankuari. Kasu horretan, hilabete bateko kuotaren klausula baliogabetu dezake epaileak, baina horrek ez luke hipoteka kontratuaren indargabetzea ekarri behar. Epaileak izango luke azken hitza, halere. Hala ebatzi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak.

Erabaki horrekin Luxenburgoko epaitegiak aintzat hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak 2016an ezarritako jurisprudentzia. Prozedura Kriminalerako Legea kontuan hartu eta Gorenak ebatzi zuen «gutxienez» hiru hilabeteko kuotak ordaindu gabe utzi behar dituela bezero batek bankuak haren aurkako etxegabetzea gauzatzeko aukera izan dezan.

Hilabeteko klausula zehatz horri erantzuten dio Europako auzitegiaren erabakiak. Ebatzi du aurretiko klausulek ez dutela Batasuneko legedia urratzen eta jar daitezkeela. Kasu zehatz horretan mugatu egiten du, ez du indargabetzen; eta epaileari eskatzen dio bere herrialdeko legedira egokitzeko; kasu honetan, Gorenaren jurisprudentziarekin bat egiteko.

Erabaki horrekin auzitegiak kontuan hartzen ditu auziko bi aldeak. Batetik, bankuei aukera ematen die etxe gabetze prozesuekin jarraitzeko, prozesua moteltzen badu ere. Bestetik, auzitegiak uste du klausula hori indargabetuko balitz kontratu osoa indargabetu beharko litzatekeela. Espainiako Estatuko epaileen esku uzten du aukera hori gauzatzea ala ez, baina ohartarazi egiten die hori egiteak «egoera bereziki kaltegarri batean» utz dezakeela bezeroa, bankuak eskubidea izango lukeelako «berehala» eskatzeko hari maileguan utzitako diru guztia itzultzea, etxearekin batera.

Europako auzitegiaren ebazpenak eragina izango du horren erabakiaren zain etenda zeuden hainbat etxegabetzeen kasuetan. Dena den, ekainean indarrean sartuko da Espainiako hipoteken lege berria, eta horri heldu ahalko diote epaileek. Horren arabera, hiru hilabeteetatik 12-15 hilabetera luzatuko ahalko da bezeroek ordaindu gabe utzi ditzaketen kuotak etxe gabetzeak gauzatu aurretik.

Protesta ekintza bat Iruñean

Bestalde, kaleratze bat gauzatu dute astearte honetan Iruñean. Bezeroek alokairua ordaintzeari utzi zioten, etxearen jabearekin argindarrarengatik ordaindu beharrekoaren harira sortutako liskar batengatik. Duela hilabete jakin zuten kaleratuak izango zirela, eta aterata zituzten beren gauza guztiak etxetik; jada ez ziren han bizi. Gaur, idazkari judiziala sarraila aldatzera azaldu denean, etxearen kanpoaldean zeuden etxean bizitzen egon direnak eta, haiekin batera, Aranzadi alderdiko Laura Berro eta Aitor Balbas. Idazkariari etxean sartzen eragotzi diote, eta Iruñeko udaltzainak azaldu dira, eta han zeudenetako batzuk identifikatu dituzte, Aranzadikoek salatu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.