Palestina

AEBek soilik babestu dute Golango gainen subiranotasuna Israeli aitortzea

NBEren Segurtasun Kontseiluak bilera egin du gaur, eta EBko kideek "legez kanpoko anexiotzat" jo dute Golango gainen okupazioa. Hamasi egotzi diote, ordea, Israelen eta Gazan tentsioa areagotu izana.

Gazako Segurtasun agente bat, Israelen bonbardaketek eragindako kalteei begira. MOHAMMED SABER, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 26a
10:47
Entzun

AEBak bakarrik geratu dira gaur NBEren Segurtasun Kontseiluan. Golango gainen subiranotasuna Israeli aitortzeko dekretua sinatu zuen atzo Donald Trump presidenteak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela. AEBek berek sinatutako NBEren ebazpenen aurka doa hori, eta egoera aztertu dute Segurtasun Kontseiluaren gaurko bilkuran. Hamabost kideetatik guztiek egin dute Trumpen erabakiaren aurka, AEBek izan ezik.

Txinak, Errusiak eta Segurtasun Kontseiluko kide diren EBko herrialde guztiek gaitzetsi dute Trumpen adierazpena. Belgikak, Frantziak, Alemaniak, Poloniak eta Erresuma Batuak "kezka" adierazi dute AEBen jarreragatik, eta, ohar batera batean, "legez kanpoko anexiotzat" jo dute Israelek Golango gainetan indarrean duen okupazioa. Frantzia eta Erresuma Batua Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira, Txinarekin, Errusiarekin eta AEBekin batera.

Jonathan Cohen AEBen ordezkariak, ordea, defendatu egin du erabakia. Golango gainak eremu "estrategikoa" direla nabarmendu du: "Lurralde hori Siriaren edo Iranen kontrolpean uztea beste aldera begiratzea litzateke Al-Asaden erregimenaren sarraskien eta Iranen presentzia gaiztoaren aurrean".

NBEk gogora ekarri du 1967ko Sei Eguneko Gerran okupatu zituela Israelek lurralde haiek, eta 1981eko ebazpen batean, "legez kanpoko okupaziotzat" jo zuten egoera hori NBEk —AEBek ere sinatu zuten ebazpen hori—. Alde horretatik, Antonio Guterres idazkari nagusiak gaur nabarmendu du "oso argia" dela NBEren jarrera.

Besteak beste, Siriak, Saudi Arabiak, Iranek, Libanok, Mauritaniak eta Arabiar Ligak ere salatu dute AEBen erabakia.

NBEk Hamasi egotzi dio tentsioa areagotzea

"Probokazio ekintza hauek tentsioa areagotzeko arriskua dramatikoki handitzen dute, eta kalte egiten diete Gazako jendeari laguntzeko gure ahalegin kolektiboei eta palestinarren arteko adiskidetzeari". Batez ere, Gazatik jaurtitako suziriei buruz aritu da Nickolay Mladenov NBEren Ekialde Hurbilerako mandataria. Erakundearen Segurtasun Kontseilua bilduta dago gaur egoera aztertzeko, eta Hamasi egotzi diote gehienbat azken orduetako gertakarien erantzukizuna: "Azken hamar egunetan suziriekin egindako bi eraso izan dira, Gazatik Tel Avivera zuzenduta, eta horrek tentsioaren areagotze larria dakar". Jaurtiketa horiek aipatu ditu Israelek ere, bart Gaza bonbardatzeko argudio modura.

Atzo, Gazatik jaurtitako suziri batek zazpi lagun zauritu zituen Tel Aviv iparraldean dagoen Kfar Saba herrian. Gauean, Gaza bonbardatzeari ekin zion Israelgo armadak, eta zortzi palestinar zauritu zituen, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Israelek esan du 15 "helburu terroristari" egin dietela eraso. Besteak beste, Beit Hanoungo azpiegitura militar bat eta Beit Lahiko beste bat bonbardatu dituela ziurtatu du. Ismail Haniyeh Hamaseko buru politikoaren bulegoari ere eraso diote F16 hegazkinek. 

Atzo gauean izan ziren eraso horiek. NBEren arabera, Gazatik ehun bat suziri eta mortero bota dituzte bart, baina ez dute inor zauritu. Atzo gauean su-eten bat lortu zutela zabaldu zen, eta hala aipatu du Hamasek ere, baina Israelek ez du ezer baieztatu. Egoera lasaiagoa dela dirudi orain, baina gauean ikusi beharko da Israelek erasoekin jarraitzen ote duen. NBEk "ahalik eta moderatuena" aritzeko eskatu die "alde guztiei".

Israelek askotan bonbardatu du Gaza. Martxoaren erdialdean, esaterako, ehun bonbatik gora bota zituzten Gazara, bi suziriri "erantzuteko". Iazko azaroan, hamasei palestinar eta soldadu israeldar bat hil zituzten hiru egunetan. Iazko martxoan errefuxiatu palestinarrak itzultzearen aldeko protestak hasi zituztenetik, 230 palestinar inguru hil eta 22.000 zauritu zituzten zortzi hilabetean, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.